ekonomia

ELAk salatu du Jaurlaritzak ez dituela bete aurreko lan hitzarmeneko konpromisoak

Bihar goizean Lakuan elkarretaratzea egingo dute, Funtzio Publikoaren Mahai Orokorraren bilera egongo dela eta. LABek ere egingo du protesta.

2011ko azaroaren 22a
17:40
Entzun

ELA sindikatuak gaur salatu du Eusko Jaurlaritzak ez dituela bete 2009ko lan hitzarmenean hartutako konpromisoak. ELAk gogoratu du akordioak, besteak beste, 13.000 lanpostuen behin-behinekotasuna amaitzea jasotzen duela, eta, aldiz, Jaurlaritzak langileon soldata izoztea eta plantillaren hazkunde eza aurreikusten dituela.

Egoera hori salatzeko, bihar 10:15ean elkarretaratzea egingo dute Lakuan, "lan eskubideen, enpleguaren eta zerbitzu publikoen alde", ELAk dioenez. Ordu horretan bilduko da han Funtzio Publikoaren Mahai Orokorra. LABek ere egingo du protesta, Zerbitzu publiko eta soldata murrizketarik ez. Alternatiba badago: aurrekontuak handitu lelopean.

Igor Eizagirre, Ramon Uriarte eta Jone Olariaga ELAko Gizalan-Federazioko arduradunek gaur jakinanazi dute akordioa mahai gainean jarriko dutela. Aurreko akordioa betetzeko eskatuko dute, langileei "bidegabe kendu" dietena itzultzeko, euskal langile publikoenganako "begiramena" izateko eta negoziazio kolektiboari eusteko. 

Sindikatuak dio "kolektibo publikoa zigortu" nahi dutela, "sortu ez duen krisiaren ordaintzaile bihurtuz". Azken urteotan izandako soldaten ahalmenaren galera %13 inguruan dagoela azpimarratu dute. "Hori gutxi balitz, enpleguaren ikuspegitik agindutakoa ez dute bete: ordezkapenak, kontsolidazioak eta enplegu eskaintzak. Enplegu publikoaren suntsiketa honek bide ematen dio hainbat zerbitzu publikoren pribatizazioari".

LABen salaketa eta eskaerak

"Zerbitzu publikoetan lan egiten duten langileen lan balditzak mugarik gabe kaskartuak izaten ari diren garaiotan, zerbitzuen pribatizazioak eskubideen desagerpena eta zerbitzu publikoen desmantelamendua" dakarrela salatu du LABek. "Beraz, lan baldintzez bakarrik ez, aurrekontuez ere hitz egin beharra dagoela aldarrikatzen dugu".

Mahai orokorra eskatu du, "zerbitzu publikoei bultzada emateko, langileen lan baldintzak hobetzeko, eraitsi duten guztia berreraikitzeko eta herritarren, langileon eskubideekin inork negoziorik egin ez dezan bermatzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.