Hegoaldean, gainera, Europako Batasuneko herrialdeetan baino lanpostu gehiago galdu direla nabarmendu zuten. Mikel Noval ELAko Politika Sozialeko arduradunak esan zuenez, 2008ko bigarren hiruhilekotik aurrera lanik gabe 78.900 lagun gehiago daude; «alegia, urte eta erdian bikoiztu egin da» langabezia. Europako 27 herrialdeetako langabeziaren batez besteko hazkundea, aldiz, %41ekoa izan da epe berean.
Hegoaldeko enpresak, halaber, behin-behineko kontratuen «erabilera bidegabea eta gehiegizkoa»egiten dutela salatu zuen Novalek. Ondorioz, behin-behinekotasun tasa %22,1ean dago; Europakoa, berriz, %13,8koa da. ELAk langabeek eskuratzen dituzten laguntzak ere aztertu ditu txostenean. INEMen erregistratutako langabeetatik ia herenek (%31) ez dutela inolako laguntzarik kobratzen ohartarazi zuten.
Sektore publikoa gakoa
Ekonomia suspertzeko sektore publikoa «ezinbestekoa» dela gogorarazi zuen ELAko idazkari nagusiak, eta, horrexegatik, Espainiako Gobernuak eta beste administrazioek gastu publikoan egin asmo dituzten murrizketek ondorio larriak izango dituztela uste du: «Langabe gehiago sortzeko bidea izango da».
Ildo beretik, Muñozek ukatu zuen gobernuen arazo nagusia gastua dela, eta, horregatik, «zergen sarrerei buruz eztabaidatu gabe murrizketaz diharduten politikak» gaitzetsi zituen. ELAk hitzarmen kolektiboen bidez aberastasuna banatzeko asmoa duela berretsi zuen eta, horretarako, negoziazioetan «zorrotzak» izango direla aurreratu zien enpresei.
Horren harira, gehiengo sindikalak martxoaren 2n, 8an eta 27an egingo dituen protesten eta ekitaldien beharra azaldu zuen.
ELAren txostena
58.700
Lanpostuak. 58.700 lanpostu galdu ziren iaz Hegoaldean.Industria. 22.100 lanpostu galdu zituen sektoreak.
Behin-behinekotasuna. Europan baino %8,3 handiagoa da.
Langabezian. 41.600 lagun gehiago daude lanik gabe.
Saririk ez. %31 langabek ez dute inolako laguntzarik.