Lankidetu lelopean egingo du ELA sindikatuak bere XIII. kongresu konfederala, bihar eta etzi, Bilbon, Euskalduna jauregian, eta "sindikalizazioaren beharra" azpimarratuko du. "Langabezia eta txirotasuna gure gizartean asko hedatzen ari diren une latz hauetan, sindikatuarekiko lotura sakontzea nabarmendu nahi da", dio ELAk.
Sindikatuaren zuzendaritzak Adolfo Muñoz proposatu du idazkari nagusiaren karguan segitzeko. 2008ko azaroan jarri zen karguan Muñoz, %91ko babesarekin. Jose Elorrietaren lekukoa hartu zuen.
Amaia Muñoak jarraituko luke ELAko idazkari nagusiaren albokoa izaten. Zuzendaritzako beste kide batzuk hauek lirateke: Patxi Agirrezabala, Amaia Aierbe, Xabier Anza, Laura Gonzalez de Txabarri, Joseba Villarreal eta Eustakio Uranga.
736 ordezkari daude deituta kongresurako, duela bost urte bezala. Haietatik %48 berriak izango dira. Gizonezkoak %66,58 —aurrekoan baino hiru puntu gutxiago—, emakumezkoak %33,42 —hiru puntu gehiago—. Batez besteko adina, 42 urte —aurrekoan baino urtebete gehiago—.
Bihar ELAko kide historiko bat omenduko dute: Valentin Bengoa.
Kongresuko dokumentazioa
Batzorde Eragilerako Proposamena