Ez dago langileen batasunik, ez behintzat sindikatuenik. Maiatzaren Lehenaren erreibindikazioak Euskal Herriko hiri eta herri nagusietan entzuten ari dira gaur, baina sindikatuen manifestazio desberdinduetan, bakoitza bere aldetik alegia.
ELAk Bilbon antolatu du manifestazioa; han egon da Adolfo Muñoz idazkari nagusia; martxa 11.30ean atera da Jesusen Bihotza plazatik. Adolfo Muñozek esan du "gezurra" dela krisitik ateratzen ari garela; "gure jendeak ez du sumatzen". Borrokaren hautuari ez dio uko egingo ELAk; "borrokan jarraituko dugu", esan die Euskal Herriko gobernuei. Haien nahi duten elkarrizketa soziala "kaiola" dela azaldu du Muñozek. ELAren arabera, irtenbidea egotekotan burujabetza ekonomikotik iritsiko da, sindikatu abertzaleak "euren agenda" jartzea lortzen dutenean. Onartu du, hala ere, batasun sindikala urrun dagoela, "erronka handienetakoa" dela une honetan.
LABek lurralde guztietan eta eskualdeka antolatu ditu martxak, eta Ainhoa Etxaide Bilbokoan egon da; bertan Muñozek aipatutako batasun sindikalari egin dio erreferentzia: “Borrokan sinisten dugun sindikatuok elkartu egin beharra daukagu, eta oinarri sendo bat ezarri”. Oinarri horrek subiranotasunean eta erabakitzeko eskubiderako “giltza” izan beharko lukeela ere esan du Etxaidek. Era berean, azken boladan ahoz aho dabilen elkarrizketa sozialari ere uko egin dio LABek, “patronal honekin ez”. Horrez gain, elkarrizketa sozialaren aipamena “soberaniaren aurkako harresi” gisa ikusten du idazkari nagusiak, eta horregatik ere uko egin dio beste behin ere. Eta estrategia erabakitzeko eskubidean eta subiranotasunean jarri du beste behin. “Langileok erabakiko bagenu, uste al duzue lan erreforma hau onartuko genukeela?”.
Bi autokarabana egin dira Donibane Lohizuneraino; lehena Senperetik abiatu da eta bestea aldiz Hendaiatik. Bertan Zibururaino joan den manifestazioa egin du LABek, eta bideoan jaso du Ipar Euskal Herriko Hitza-k.
[youtube]http://youtu.be/3jyEjLoZHI8[/youtube]
CCOO eta UGT batera
Bilbo aukeratu dute Espainiako UGT eta CCOO sindikatuek euren manifestazio nagusia egiteko; hori dela-eta, Euskadiko UGTko idazkari nagusi Raul Arza eta CCOOko idazkari nagusi Unai Sordorekin batera, Candido Mendez eta Ignacio Fernandez Toxo Espainiako UGT eta CCOOren buruzagi nagusiak egon dira pankarta eramaten. PSE-EEk ere ordezkaritza zabala bidali du manifestaziora: han izan dira, besteak beste, Patxi Lopez lehendakari ohia, Ramon Jauregi Espainiako diputatua, Jose Antonio Pastor PSE-EEren idazkari nagusia eta Idoia mendia alderdiaren eleduna.
Manifestazioa ordu laurdeneko atzerapenarekin abiatu da Bilboko kale Nagusitik, eta nahiko jendetsua izan da. Bilboko erdialdea zeharkatu du Langabeziaren kontra, langile borroka, Hemen gaude lanpostuen alde, Murrizketa gutxiago eta lan gehiago eta antzeko oihuen artean, eta Areatzan amaitu da.
Manifestazioa hasi baino lehen, prentsaurrekoa egin dute bi sindikatuek, Ignacio Fernandez Toxo eta Candido Mendezen parte-hartzearekin. Toxok nabarmendu du austeritatean oinarrituriko politikek “porrot” egin dutela, eta bestelako neurriak eskatu ditu, “barne demanda indartuko dutenak”, esaterako zergen erreforma edo soldaten igoera “barne merkatua dinamizatu ahal izateko”. Era berean, Espainiak pairatzen duen krisia “ekonomikoa ez ezik, politikoa eta instituzionala” ere badela esan du, “1978an adosturiko esparrua agortzen ari delako”, eta horri “demokrazia gehiagorekin” erantzun behar zaiola gaineratu du.
Bere aldetik, Mendezek salatu du Alderdi Popularraren gobernuaren lehentasuna “defizita murriztea” baino ez dela, eta galdetu du ea ekonomiaren suspertzea erabiliko ote den langabezia murrizteko “edo finantza zordunei ordaintzeari lehentasuna emateko”.
Gainerako sindikatuak
Bilbo aukeratu dute, era berean, ESK, CGT-LKN eta EILASek antolatutako manifestazioa egiteko. CNTk Hego Euskal Herriko hiriburu orotan deitu du martxetara; eta LSBk, Bilbon soilik.
Krisia hasi zeneko seigarren Maiatzaren Lehenean ere murrizketen aurka eta austeritate politiken amaieraren aldeko erreibindikazioak egiten ari dira manifestariak, sindikatu abertzaleen manifestaziotan, berriz, subiranotasun ekonomikoaren aldeko leloak ere oso presente daude.
Ipar Euskal Herrian Vallsen planaren aurka atera dira kalera hiri nagusietan. Baionan elkartu da martxa gehien; han aritu da LAB, eta baita Frantziako sindikatu nagusiak ere, CGT, FO eta FSU, baina haiek euren aldetik. Maule, Baiona eta Donibane Lohizunen 550 pertsona hurbildu dira protestan.
#M1 bukatu da Donibanetik Ziburura joan den manifestazioa. pic.twitter.com/9IbvmQszsX
— Iparraldeko Hitza (@IEHkohitza) May 1, 2014