ELAk uste du Arcelorren Bergarako lantegia ixteko arriskua dagoela

Lantegian altzairu likidoaren ekoizpena behin-behinean geratzea proposatu die enpresak sindikatuei

2009ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Abestiak zioen bezala ez dira betiko garai onenak. Arcelor Mittal munduko altzairu enpresarik garrantzitsuena ere ez dago bere onenean, eta Bergaran (Gipuzkoa) duen lantegian hasi dira horren ondorioak pairatzen. Sindikatuak ere ohartu dira lantegiaren egoeraz, baina ELA haratago joan da, eta Arcelor-Mittalek lantegia itxi egin dezakeela ohartarazi du.

Atzo bertan, Bergarako lantegiko altzairua urtzeko atala behin-behinean geratzeko proposamena aurkeztu zien enpresak sindikatuei. Horren arabera, lan hori guzti hori Zumarragako lantegira eramango lukete. Egun ekoizpenaren erdia Bergaran egiten da, eta beste erdia, Zumarragan.

Arcelor-Mittalen arabera, neurri hori «aldi baterakoa» baino ez da izango, eta horrek ez du zertan lantegia itxi eta inor kaleratu. Ekoizpena Zumarragara eramanez, «merkatuaren egoera zailari aurre egin» nahi dio enpresak. Gastuak murriztea da beren iritziz krisi ekonomikoari aurre egiteko bidea. Izan ere, «bi labe garai %50ean eduki beharrean, hobe da bat %100ean edukitzea», arrazoitu du Arcelor-Mittalek.

Baina Unai Martinez ELAkoarduradunak azpimarratu du ez dela zehaztu metalgintza arloko neurri horrek noiz arte iraungo duen. Eta uste du «epeka-epeka lantegia ixtea» ekarriko duela mugagabeko neurri horrek. Proposamen hori aurrera ateraz gero, 70 langileri eragingo lieke, eta neurriak iraun bitartean Zumarragako lantegian arituko lirateke lanean.

Inbertsio gutxi

Beste bi arrazoik ere eraman dute ELA enpresa itxi egingo dutela ondorioztatzera: alde batetik, enpresak iaz eta 2007an Bergarako lantegian egin dituen inbertsio urriek, eta, beste aldetik, kendu duten lanpostu kopuruak.

Azken bi urteetan enpresak 14 milioi euro baino ez dituela inbertitu adierazi du Martinezek, eta ez du uste nahikoa denik kopuru hori «etorkizunari aurre egiteko merkatuak eskatzen duen kalitatearekin eta malgutasunarekin». Gipuzkoan Arcelor-Mittalek dituen beste lantegietan (Zumarragan eta Olaberrian), berriz, inbertsioak egin dituela jakinarazi du.

Galdutako lanpostuen harira, duela urtebete lantegiak 368 langile zituela azaldu du, eta, egun, berriz, 268ra jaitsi dela kopuru hori. Denboran atzera eginda, galdutako lanpostuen kopurua askoz ere handiagoa da, 1971n 1.300 langile baitzeuden.

Lantegiaren egoera salatzeko, datorren hilaren 25ean Bergarako lantegiaren aurrean elkarretaratzea antolatu du ELAk. Enpresari, halaber, konpromisoak hartzeko deia egin dio, eta beren eskaerak betetzen ez baldin baditu, mobilizazioekin jarraituko duela ohartarazi dio.

Dena den, Bergarako kasua Arcelor Mittalek azken hilabeteetan hartu duen joera baino ez da. Izan ere, «irabaziei eusteko» mundu osoan altzairuaren ekoizpena %35 murriztuko zuela iragarri zuen joan den azaroan. Horrek ondorio garbi bat utzi du: kaleratzeak. Dagoeneko, azpikontratatutako 500 langile kaleratu ditu altzairu enpresak Hego Euskal Herrian.

Arcelor Mittalek 4.600 langile eta 16 lantegi ditu Hegoaldean (produktiboak, zerbitzu zentroak eta banaketa zentroak). Ekoizpen zentroak zazpi dira guztira: Gipuzkoan hiru ditu (Bergaran, Zumarragan eta Olaberrian), Bizkaian beste hiru (Sestaon, Etxebarrin eta Basaurin) eta Nafarroan bakarra (Lesakan).

Sestaoko lantegia, hain zuzen ere, 15 egunez egon zen itxita joan den abenduan, enpresak aurkeztutako enplegua erregulatzeko dosier bat zela eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.