greba orokorra

ELAk uste du hilaren 29ko greba orokorra "mugarri bat" izango dela

Adolfo Muñoz idazkari nagusiaren arabera, "egoera honi aurre egiteko, kaleak hartu behar dira". Greba deiarekin bat egin du Amaiurrek, subiranotasun ekonomiko eta soziala aldarrikatzeko.

2012ko martxoaren 19a
16:31
Entzun

Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak hilaren 29ko greba orokorrerako deialdia babesteko eskatu du berriz ere, jendearen mobilizazioa garrantzitsua dela iritzita. "Egoera honi aurre egiteko, kaleak hartu behar ditugu, eta, bide horretan, greba orokorra mugarri bat izango da”, esan du gaur, Bilbon, sindikatuaren prentsaurreko batean.

LAB, EHNE, EILAS eta ESKrekin batera egin du ELAk lanuzte deialdia, Hego Euskal Herrirako. Gaur, Amaiurrek bat egin du, subiranotasun ekonomiko eta soziala aldarrikatzeko; haren iritziz, subiranotasuna da "elkartasunean, eskubideetan eta justizia sozialean oinarritutako eredua eraikitzeko alternatiba bakarra". CCOOk eta UGTk ere egina dute greba orokorrerako deialdia, kasu horretan Espainiako Estaturako.

Muñozek gogorarazi du langabezia tasa %15,2koa dela Hego Euskal Herrian, iaz baino puntu bat handiagoa. Hori dela eta, nabarmendu du egoera iraultzeko mobilizazioa baino beste irtenbiderik ez dagoela. Greba egiteko hamaika arrazoi dela dio, eta hilaren 30etik aurrera ere "borrokan" jarraitu beharko dela eskubideak defenditzeko.

Mikel Noval ELAko zuzendaritzakideak azaldu du gazteen artean langabezia tasa %35,5ekoa izan zela 2011ko laugarren hiruhilekoan eta urtebetean 5,5 puntu igo dela. Era berean, azpimarratu du krisia hasi zenetik %156 igo dela inolako diru sarrerarik gabeko langabeen kopurua.

ELAk egoera sozial eta ekonomikoaren azterketa egin du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.