Ekonomia

ELAk uste du Jaurlaritzak "gehiengo sindikalaren aurka jotzeko plangintza" daukala

Sindikatu abertzaleak ohartarazi du haren "erasoei aurre" egingo diela. Bilbon ospatuko du aurten ere Maiatzaren Lehena, 'Euskal Herri soziala indartzeko... langileak martxan!' lelopean.

2008ko apirilaren 22a
14:26
Entzun
Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusiaren ustez, "Eusko Jaurlaritzak sindikatuen eta bereziki gehiengo sindikalaren aurka jotzeko plangintza zehatza du, gehiengo hau ez zaiolako erosoa egiten, eta edozein bitarteko erabiltzen ari dira". Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakaria jo du "arduradun nagusi" bezala. Bere sindikatuak "Jaurlaritzaren erasoei aurre" egingo diela ohartarazi du Elorrietak. Aurtengo Maiatzaren Leheneko ospakizunak aurkezteko agerraldian egin ditu adierazpenok.

Hain zuzen, azkeneko urteetan bezala, ELAk Bilbon ospatuko du Maiatzaren Lehena. 11:30ean Elorrietak eta Adolfo Muñoz idazkari nagusiaren albokoak hitz egingo dute mitinean, Jesusen Bihotzaren Plazan. Ondoren Bilbon bertan manifestazioa egingo du ELAk, Euskal Herri soziala indartzeko... langileak martxan! lelopean. 14:30ean, berriz, bazkaria Barakaldon (Bizkaia), BEC erakustazokan.

"Erasoak" jaso arren, euskal sindikalismoak "osasun ona" duela azpimarratu du gaur Elorrietak. “Jaurlaritzak enkarguz egindako ikerketa batek Euskal Autonomia Erkidegoan afiliazioa %29koa dela erakutsi du, Espainiako Estatuan eta Europan dutena baino askoz handiagoa”.

Muñozek azaldu du ELA azken urteotan gai izan dela azpi-kontratazioari, soldaten eskala bikoitzari edota prekarietateari aurre egiteko negoziazio kolektiboa egokitzeko orduan. "Ugazabek eta administrazioek bat egiten dute langileen aurka jotzeko orduan", salatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.