Lan gatazkak

ELAko afiliatuek Tubacexeko grebarekin jarraitu nahi dute

Astelehenean bilduko dira sindikatu guztiak mobilizazioarekin jarraitu ala ez erabakitzeko. CCOOkoek aurka bozkatu dute. 156 egin dituzte jada, eta auzibideak luzerako jo dezake.

Langileen protesta bat, epaitegiaren aurrean. ARITZ LOIOLA (FOKU)
jokin sagarzazu
2021eko uztailaren 16a
16:46
Entzun

ELA sindikatua Tubacexek Laudion eta Amurrion dituen lantegietan greba mantentzearen alde agertu da, enpresak jakinarazitako 129 kaleratzeen aurka. Ostiral honetan 159 egun egin dituzte greban, eta auzia luzatu daitekeela ikusita sindikatu bakoitzak bere afiliatuen artean kontsultak egitea erabaki du.

ELAko 120 langilek alde bozkatu dute, 48k kontra eta 6k zuri. Gainerako sindikatuekin astelehenean egingo duen bilerara eramango du erabaki hori sindikatu abertzaleak. STAT, CCOO, LAB eta independenteek osatzen dute enpresa batzordea.

Atzo CCOOko kideen gehiengoak (%65) aurka bozkatu zuen. LABek astelehenean jakinaraziko du bere jarrera. Gaur batzarra egin dute eta han izan dira Garbiñe Aranburu idazkari nagusia eta zuzendaritzako beste kide batzuk. Sindikatuak ohar baten bidez adierazi duenez, «borrokarekin» jarraitzeko nahiari eusten dio, baina ez du zehaztapen gehiago eman..

ELAk enpresari eta Eusko Jaurlaritzari eskatu die EAEko Auzitegi Nagusiak kaleratzeak baliogabetzat jo zituen epaia betetzeko modua bilatzeko. Enpresak, baina, erabaki du ez dituela plantetan onartuko, baina ebazpena beteko du, soldatapean mantenduz, gutxienez auzibidea amaitu arte.

Hamar hilabete inguru pasa daitezke hurrengo epaiketa egin aurretik, eta horrek fase berri batean sartu du langileen borroka eta, bereziki, greba mugagabea. Beharginen iritzia jasotzeko barne bilerak egiten ari dira sindikatuak.

Bestalde, soldata etxean jasoko duten kaleratutako 40 bat langilek jakinarazi dute euren nomina emango dutela erresistentzia kutxak finantzatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.