ELArekin duen harremana hobetu nahi du LABek, zatiketa «oztopo» delako

«Dialektika eta praktika eraikitzaileago bat» nahiko luke Garbiñe Aranburuk, eta uste du greba feminista eta zerbitzu publikoen borroka pizgarri aproposak izan daitezkeela

Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusia. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2023ko irailaren 6a
00:00
Entzun
LAB sindikatuak bi erronka nagusi jarri dizkio bere buruari urte sindikal berrirako. Batetik, ezker independentistako eragileen arteko agenda sozial bateratua bultzatzea; eta, bestetik, lantoki eta sektoreetan borrokak piztea. Azken hori lortzeko bidean zatiketa sindikala oztopoa dela iritzi dio Garbiñe Aranburu sindikatuko koordinatzaile nagusiak, eta adierazi du nahiko lukeela aurten sindikatuen arteko harremanak hobetzea; besteak beste, greba feminista edota zerbitzu publikoen aldeko borroka baliatuz.

Jakina da ELAren eta LABen arteko harremanak ez daudela bere onenean, eta sindikatu subiranistek ingurumari horretan ekingo diote urte sindikal berriari. Aranburuk zehaztu du ez dagoela «berritasunik» harremanei dagokienez, baina hori aldatu nahiko lukeela: «Guri gustatuko litzaiguke aurten dialektika eta praktika positiboago eta eraikitzaileago bat izatea. Oraintxe bertan agendan dauden gai batzuek elkarlanari ekiteko aukera ematen dute: greba feminista, zerbitzu publikoen defentsa, hainbat lan gatazka... Guri gustatuko litzaiguke eremu horiek zabalduz joatea». Dena den, ez du espero kolpetik aldaketa handirik: «Pixkanaka joan behar dugu».

Urkulluri erantzuna

Beste erronkari dagokionez, sindikatuak aldaketak eragin nahi ditu politika publikoetan. Besteak beste, negoziazio kolektiboaren estatalizazioa mugatu eta lan harremanen euskal esparruaren bidean urratsak egin; esaterako, Gizarte Segurantzaren transferentzia bultzatuz. «Aitzakiak amaitzeko behintzat. Jaurlaritzak eskuduntza hori ez izatea aitzakia gisa erabiltzen du pentsioak ez hobetzeko. Baina guk badakigu egungo lege esparruan ere hori posible dela, eta borondate politikorik eza dela arazoa».

Aranburuk, bide batez, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak eta Andoni Ortuzar EBBko presidenteak eginiko kritikei erantzun die. Arduradun jeltzaleek Jaurlaritzaren aurkako «higatze estrategia» batean aritzea leporatu diote LABi, eta Aranburuk erantzun die «patronalaren aldeko» politikak egiten badituzte «langileek erantzun egingo dutela, ahotsa eta boza dutelako». Zehaztu du iaz eginiko bileran ere ohartarazi zutela Urkullu, eta hartaz geroztik atzerapausoak ikusi dituztela: «Jaurlaritzak hainbat lan gatazkatan eta Osakidetza bezalako zerbitzu publikoen defentsan izan duen jarrera ikusi baino ez dago».

Erronka zailak dira, baina, LABek haiei ekiteko baldintza aproposak ikusten ditu, hiru bereziki. Lehenik, uste du langileen ahalduntze kolektibo bat gertatzen ari dela, bereziki sektore feminizatuetan. Bigarrenik, Mugimendu Feministak azaroaren 30erako deituriko greba orokorrak zaintzaren debatea erdigunera eramango du; eta, azkenik, Espainiako Gobernua osatzeko eztabaidek eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeek presio egiteko aukera emango diete langileei. Alde horretatik, Aranburuk kritika egin dio Nafarroako Gobernua osatzeko akordioari: «Anbizio gutxi izan dute langileen bizi baldintzei eragiten dieten gaietan. Jarraitutasuna baino ez».

Aranburuk, halaber, aurreratu du gaur Idoia Mendia Jaurlaritzako Enplegu sailburuarekin biltzekoak direla, eta hark lanaldiaren murrizketaren inguruan eginiko adierazpenak begi onez ikusi dituzten arren, ez dietela sinesgarritasun handirik eman, uste baitute ez dutela «benetako borondaterik» ikusi. Aldiz, zehaztu du 1.400 euroko gutxieneko soldata ezartzeko eskaera mahai gainean jarriko diotela, eta eskatuko diotela patronala interpelatu dezala. «Horrelakoen inguruan hitz egitea eskatuko diogu», gaineratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.