ELAren arabera, Nervaceroko zuzendaritza «izua» hedatu nahian ari da

Enpresa batzordeak zuzendaritzari eskatu dio aurkeztu duen «pobretze plana» bertan behera uzteko

Erredakzioa
Bilbo
2012ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
ELA sindikatuak salatu du Nervacero enpresako zuzendaritzak «izua» hedatzen jarraitzen duela langileen artean, bere plana ezarri ahal izateko. Plan horrek langileak «pobretzea» ekarriko duela uste du. Sindikatuaren arabera, zuzendaritzak plan hori proposatu zuenetik ez du bere bide orria «milimetro» bat ere mugitu, ezta langile batzordearekin bildu ondoren ere. Langileak proposamen horren aurka agertu dira beti, baina ELAk dio zuzendaritzak ez duela kontuan hartu langileen nahia.

Zuzendaritzak murrizketa plan gogorra aurkeztu zion apiril amaieran langile batzordeari: 55 langile kaleratu nahi ditu, eta gainontzekoei soldata %30 jaitsi; eta urtean 160 lanordu gehitu, 20 egun, hain zuzen. Celsa Atlantic enpresaren lantegia da Nervacero. CCOO eta UGT sindikatuen jarrera ere gaitzetsi du ELAk. Azken horrek uste du bi sindikatuek proposamena «makillatzeko» eskatu diotela zuzendaritzari, baita proposamena behin eta berriz bozketara eramateko ere, baiezkoa atera arte.

CAFi, arau-haustea

Beasaingo (Gipuzkoa) CAF enpresaren aurkako arau-hauste agiri bat kaleratu du lan ikuskaritzak, lanuztean dauden garbitzaileen greba eskubidea urratu duela iritzita. Apirilaren 10ean hasi zuten greba, lan hitzarmena negoziatzeko helburuarekin. Lan ikuskaritzak dio greban zeudenen lanak egiteko beste enpresa bat kontratatu zuela CAFek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.