ELAren kongresuan langileen batasun beharra aldarrikatuko dute

Gaur eta bihar egingo du biltzarra sindikatuak, Bilbon, eta Muñoz berriro aurkeztuko da idazkari nagusi izateko

ELAk kongresuaren aurkezpenerako egindako agerraldia, joan den astean, Iruñean. LANDER FDZ. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
2013ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Gaur ekingo dio ELAk lau urtetik behin sindikatuak egiten duen biltzarrari. Lankidetu! lelopean, zuzendaritzaren azken lau urteetako kudeaketa aztertuko dute gaur eta bihar, Bilbon, Euskalduna jauregian. Horrekin batera, etorkizuneko ildo estrategikoak zehaztu, eta Batzorde Eragile berria hautatuko dute; idazkari nagusi izateko, Adolfo Muñoz berriro aurkeztuko da. 2008an egindako biltzarrean aukeratu zuten Muñoz idazkari, eta Jose Elorrietaren lekukoa hartu zuen orduan. Elorrietak 20 urte egin zituen karguan.

Kongresuaren leloak adierazten duen moduan, sindikalismoaren eta langileen batasunaren garrantzia nabarmendu nahi du ELAk aurten. Biltzarrean aurkeztuko duten txostenean, etorkizuneko ildoak zehaztuko dituzte; horretan, beste sindikatuekin aliantzak lotzen jarraitzea, negoziazio kolektiboa indartzea eta gizarte mobilizazio zabala sustatzea dira zutabeetako batzuk. Lehentasunen artean, enpleguaren aldeko eta prekarietatearen aurkako politikak daude.

Guztira, 736 kidek parte hartuko dute kongresuan: 350, federazioek hautatutakoak, beste 350, eskualdeetatik aukeratutakoak, eta 36, Batzorde Nazionalak izendatutakoak. Batzorde Eragilerako proposatutako zerrenda ez da aldatuko: kide berak izango dira, baina, kasu batzuetan, funtzioetan izango dira aldaketak. Berrikuntza nagusietako bat sail berri baten proposamena izango da: Langabezia Saila. Batzordeak proposatu du Leire Txakartegik hartzea sail horren ardura, eta, era berean, Immigrazio arloaren ardura ere berak hartuko luke, Mitxel Lakuntza ordezkatuta. Amaia Muñoa proposatuko dute Muñoz idazkari nagusiaren gertukoa izateko. Gizarte politiketan Mikel Noval proposatuko dute; negoziazio kolektiboan, Joseba Villarreal; zuzenbide zerbitzuan, Amaia Aierbe, eta komunikazioan Patxi Agirrezabala, besteak beste.

Gaur, kongresuaren lehen egunean, omenaldietarako tartea ere izango da, Valentin Bengoa militante historikoa omenduko baitute (19:00). Sindikatuak nabarmendu du «diskrezioz eta umil» Bengoa ezinbesteko laguna izan dela ELA Hego Euskal Herriko lehenengo sindikatua izatera heltzeko bidean. Atzo jada hasi zen ELA kongresurako motorrak berotzen, nazioarteko sindikatuen arteko bilkura batekin. Manu Robles-Arangiz Institutuarekin elkarlanean antolatu zuen mintegia, eta hainbat sindikatutako ordezkariaritu ziren hitzarmen sindikal eta sozialen inguruan. Argentinako CTAko kideek, Quebeceko CSNkoek eta Belgikako CADTMkoek parte hartu zuten, besteak beste.

Afiliatuen galera

Sindikatuak afiliatu kopuruaren berri eman zuen iaz urte amaieran. 2008tik, egin zuen azken kongresutik, 4.006 afiliatu galdu ditu; hala, orduan 109.318 afiliatu zituen, eta orain, berriz, 105.312. ELAk argudiatu du enpleguaren galera izan dela beheranzko joera horren ararzoietako bat. Hala ere, lanean daudenen arteko emaitzak historikotzat jo zituen Muñozek: lanean diharduten soldatapeko beharginen %10,34 ELAko afiliatua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.