ELArentzat, Bilduk ez du bermerik lortu bat egitearen arriskuak gutxitzeko

Sindikatuak salatu du pribatizatzeko aukera badagoela eta gizarte ekintzarako dirua gutxitu dezaketela

BBKren ezohiko batzar nagusia, iragan ostiralean, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
jakes goikoetxea
Donostia
2011ko irailaren 22a
00:00
Entzun
ELA kutxak banku bihurtzearen kontra zegoen lehen, eta kontra dago orain ere. Baita Bilduk BBK-ko, Kutxako eta Vitaleko arduradunekin akordioa lortu eta gero ere, teorian banku bihurtzearen arriskuak mugatu dituzten arren. ELArentzat arriskuek bere horretan jarraitzen dute, eta Bilduren akordioak praktikan ez du ezer aldatuko.

Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak hiru lorpen aipatu zituzten iragan astean, akordioa saldu zutenean: Hego Euskal Herriko langileek lan hitzarmen propioa izango dutela, ez Espainiakoa; Kutxa Bank pribatizatzeari «ateak itxi» zaizkiola; eta irabazien %30 bideratuko dela gizarte ekintzara, ez lehenengo hiru urteetan bakarrik, baita hurrengoetan ere.

Mikel Noval ELAko Ekintza Sindikaleko arduradunak eta Igor Eizagirre Zerbitzuen Federaziokoak lorpen horiek guztiak zapuztu zituzten atzo egindako agerraldian.

Bildurekin lortutako akordioaren arabera, kutxek konpromisoa hartu dute Kutxa Banken jabetza osoari eusteko, kapital pribaturik gabe. Novalek, ordea, zehaztu zuen asmo hori bertan behera gera daitekeela, testuak dioenez, araudiek, erakundeek edo administrazioek kontrakoa eskatzen badute. Hori Novalentzat «hondorik gabeko zuloa da, kontrako erabakiak hartzeko aitzakia».

Kutxa Bankek gutxienez irabazien %30 bideratuko du gizarte ekintzara. Ez dago urte mugarik. Bai, ordea, beste muga bat, muga lausoa ELAren arabera: «Beti ere sozietate zentralaren finantza kaudimenak eta ezarri beharreko arau erregulatzaileek ahalbidetzen badute».

Novalek nabarmendu zuen gizarte ekintzara diru gutxiago bideratzeko aukera irekita dagoela, «zalantzazko esamolde batekin». Akordioak ez baitu kaudimena definitzen eta zehazten. ELAko ordezkariarentzat Kutxa Banken zuzendaritzak «nahierara» erabakiko du gizarte ekintzan zenbat diru inbertitu. «Lehen ere [Bilduren akordioaren aurretik] tranpa hor zegoen, eta tranpa oraindik hor dago», esan zuen Mikel Novalek.

Adierazgarria izan da Kutxa Bankeko langileen baldintzen negoziazioetan gertatutakoa. Bilduren arabera, Hego Euskal Herriko langileek lan hitzarmen propioa izango dute. Bilduren eta kutxen arteko akordioak zera dio: «Bankuak erabakitzeko esparruari buruz langileek erabakitakoa onartuko duela agintzen du». Ez du Hego Euskal Herria aipatzen.

Hitzarmen propiorik ez

Praktikan, ordea, kutxek negoziazioetan baztertu egin dute Hego Euskal Herriko langileen hitzarmen propioa eta langileen artean galdeketa lotesle bat egitea. Langile guztientzako akordioa lortu dute Euskadiko CCOOrekin, Piskanaka Kaskarirekin eta Grupo Independiente Vitalekin.

Hiru sindikatu horiek langileen ordezkarien bi heren dituzte. ELAk zehaztu du hauteskunde sistemaren ondorioa dela, ez langileen babesarena. ELAk etaLABek langileen botoen %36,12 jaso zituzten, eta CCOOk %35,53; baina ordezkari gutxiago dituzte, 50 eta 89 hurrenez hurren.

Eizagirrerentzat «ezinbestekoa» da lan harremanen euskal esparrua errespetatzea, «langileen lan baldintzei eusteko edo hobetzeko». ELAko ordezkariaren iritziz, azken urteetan finantza sektoreko lan baldintzak kaskartzen ari baitira Espainiako hitzarmenen ondorioz.

ELAk bat egitearen kontra bozkatuko du bihar Kutxaren ezohiko batzar nagusian. LABek bihar bertan zehaztuko du bere jarrera. BBKn bat egitearen kontra bozkatu zuen; Vitalen, aldiz, abstenitu egin zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.