Sindikatuak

ELAri azterketa "egokitu" zaiola dio Ortuzarrek, "besterik gabe"

EAJko presidenteak esan dio sindikatuari ez duela zertan "kexuka ibili" Bizkaiko Ogasunak erresistentzia kutxari buruzko informazioa eskatu diolako.

Andoni Ortuzar, artxiboko argazki batean. JAVIER ZORRILLA / EFE
xabier martin
2018ko otsailaren 8a
18:35
Entzun

EAJko presidente Andoni Ortuzarrek bat egin du Unai Rementeriaren foru gobernuarekin ELAren erresistentzia kutxaren auzian. Adolfo Muñoz idazkari nagusi duen sindikatuan ez dutela zertan "kexuka ibili" esan du Onda Vasca irratian; "azterketa egokitu zaie, besterik gabe", esan du Ortuzarrek.

Ordezkaritza handiena duen sindikatuko afiliatua da EAJko burua, eta aitortu du sindikatua uztea pentsatu duela inoiz, "zuzendaritzak nahi duena, alegia", baina ez, ELAko kide gisa jarraituko du oraingoz. "Haiek baino lehenago iritsi nintzen, eta ez dut amore emango".

Erresistentzia kutxatik grebalariei egindako ordainketak zergapetzeko Bizkaiak duen asmoa erabat normala iruditzen zaio Ortuzarri. "Denontzat  da normala, eta sindikatuentzat ere horrela izan behar du". Ogasunaren informazio eskaerak "ez dauka oinarri politikoa", EAJko presidentearen arabera. Auzi horretan ez du zerikusirik, alegia, grebak egin ahal izateko kutxa oinarrizko tresna izateak.

Ortuzarrek gogoratu du Kontu Auzitegiak "pezetaz pezeta" zaintzen dituela EAJren kontuak, eta ELAk ez lukeela zertan ibili protestan. EAJko buruak uste du sindikatuko kide gisa ordaintzen duen kuotaren zati bat erresistentzia kutxara joango dela, "zilegi den tresna batera", baina "diru hori gardena izatea" nahi du. "ELAk ez luke Foru Ogagunaren beldur egon behar".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.