ELB laborari sindikatuak Frantziako gobernu berriak abuztuan hartu erabakiak eta 2015eko diru laguntzak iritsi ez zaizkiela salatzeko Miarritzeko (Lapurdi) La Negresse autopistako ordainlekuko hesiak igo dituzte autoak urririk pasaraziz. Hogeita hamar militante inguru batu dira eta arratsaldeko 14:30etik daude ekimena burutzen. Ekintza "nazionala" dela azaldu du Jean Paul Duhalde sindikatuko bozeramaileak, Laborarien Konfederazioak Frantzian barna beste ekintza batzu burutu beharra ditu gaur.
2013an Frantziako gobernua engaiatua zen diru laguntzen banaketa aldatzera. Ordurako hektareaka hunkitzen zituzten laborariek diru laguntzak eta beraz "300 hektara dituzten etxalde haundiek zuten diru laguntza gehien hunkitzen", azaldu du Mikel Iribarren ELBko kideak. Etxalde handienak izan ohi dira ELBk maiz arerio duen eredu industralean direnak. Egoera horren aldatzeko etxalde bateko lehen 52 lur hektareak "hobeki balorizatzera" engaiatu zen Frantziako gobernu sozialista, hots diru laguntza gehiago hunkitzen zuten laborariek lehen hektarea hoientzat, 52tik gora zituztenentzat baino. 2013an hitzartu zuteneko dirurik ez dute oraindik jaso laborariek.
Horrez gain salatu dute 2018ko diru laguntzen banaketa FNSEA sindikatuaren esku utzi berri duela Emmanuel Macronen gobernu berriak eta laborantza biologikoan ari ziren etxaldeen diru laguntzak kendu dituela.