Sindikatuko hainbat kidek aurkeztu zuten xedea, atalez atal, astelehen goizean: desafio berriak, laborarien lansaria, lurra, etxalde txikiak, laborantza eta elikadura edo laborarien ongizatea. Laborantzan eragina duten instituzioetan (Europa, eskualdea, departamendua) Euskal Elkargoko ordezkariei zuzendu zitzaien zuzenean Panpi Sainte-Marie ELBko bozeramailea sar hitzan: "Hemengo egitura da, hurbilerraza, guk partaideak izan nahi dugu, zinez". Helburua argia zen: plantan ezartzekoa den laborantza politikan eragitea. Adi zituzten, besteak beste, Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoako presidentea eta Mixel Etxebest laborantza saileko arduraduna.
Laborantza herrikoi eta iraunkorra sustatzeko delibero politikoen beharra aipatu zuten hizlari desberdinek, eta hitzaldietan azkena, gobernantza proposamena aurkezteko izan zen. Beñat Molinos Euskal Herriko Laborantza Ganbarako presidenteak hiru ordezkaritzako lantaldea zehaztu zuen: ordezkaritza instituzionala eta profesionala (Euskal Herriko Laborantza Ganbara eta Laborantza Ganbara ofizialak, Estatuak eta kolektibitateek osatua besteak beste), etxaldeekin lan egiten dutenen ordezkaritza eta gizarte zibilarena. ELBren laborantza eta elikagai xedea "interes publikokoa" izendatu zuen. "Laborantza iraunkorra da garatu behar”, gehitu zuen, “laborariak atxikitzeko eskualde guztietan eta anitz laborari izanez dinamika mantentzen baita, dinamika hori bera ekonomiaren sustatzaile delarik".
Lur funtsen kudeaketa lehentasun
Aurkezpenaren ondotik Euskal Elkargoako hiru ordezkarik hitza hartu zuten. Martine Bisautak elikaduraren inguruan azken urteetan egin lana aipatu zuen –jatetxe kolektiboekin abiatu urratsak aurkeztuz–. Mixel Etxebest laborantza saileko arduradunak onartu zuen "bidea luzea izanen dela" baina abian diren elkarrizketa batzuen berri eman zuen, hala nola lur funtsen kudeaketa publikoaz, oraingoz instituzioen artean abiatua dena -gerora sindikatuak edo kontsumitzaileak barne hartuko lituzkeena bere erranetan-. Jean Rene Etxegarai zehaztasun sobera eman gabe mintzatu zen, "pazientzia" eskatuz laborarien ordezkariei. Lur funtsen kudeaketa jo zuen, berak ere, lehentasuntzat: "Bada eremu bat luza gabe aritzera behartzen gaituena, lur funtsena estrategiarena".
ELBko Maryse Cachenaut labur bezain zorrotz mintzatu zen gaiaz bere hitzaldian, Kanboko urbanizazio plana aipatuz eta Marieniako laborantzako lurrak eraikuntzara bideratzea salatuz; "Ez da onargarria eta espero dugu Euskal Elkargoak ez duela pasatzera utziko", erran zuen. Ipar Euskal Herriko hainbat herri urbanizazio planak finkatzen ari direlarik arrangurak agertu zituen, publiko artetik, Dominique Ameztoi Lurzaindiako bozeramaileak ere.
Euskal Elkargoaren laborantza saila egituratzen hasia delarik “entzunak izan” direla zion Sainte-Mariek azken hitzan, baina oroitaraziz formari "edukia ezartzeko" hor izanen direla gerora ere.