Azpeitiko Ipintza Elektrizitatea enpresako54 urteko Jose Cruz R.M. langilea herenegun hil zen, Lizar egur lantegian lanean ari zela. Jaurlaritzako Osalan institutuak atzo jakinarazi zuenez, «hango koadro elektriko bat ikuskatzen eta desmontatzen ari zela gertatu zen istripua. Oraindik ez dakigu nola izan den zehatz mehatz, baina langilea elektrokutatu egin zen lan horretan».
Landeta auzoko Ipintza elektrizitate enpresaren jabeetako bat zen hildako langilea, eta herenegun arratsaldean Azpeitian bertan Odria auzoan dagoen Lizar egurrak lantegira joan zen konponketa batzuk egitera. SOS Deiak-ek 21:15 aldera deitu zuen Osalanera langilearen heriotzaren berri emateko, baina istripua lehenago gertatu zelakoan daude teknikariak, arratsalde partean. Atzo goizean, Osalaneko teknikariak Lizar egur lantegian izan ziren, gertatutakoaren berri izateko, datuak biltzeko eta gertakarien inguruan txostena osatzeko. Lizar egur lantegia itxita zegoen azkenaldian; laster berriro irekitzeko asmotan direnez, ordea, berritze lanetan ari ziren egun hauetan.
Hildako langilea Azpeitian bizi zen azken urteetan, baina sortzez Arroakoa zen.
Andoainen, berriz, beste langile bat hil zen atzo, ustez bihotzekoak jota. Goizeko 8:00ak baino zertxobait lehenago, 43 urteko Alberto Garcia Diaz arropaz aldatzen ari zen lantegiko aldageletan, ondoeza etorri zitzaionean. Saiatu ziren Osasun Zerbitzuak beharginaren bizia salbatzen, baina ez zuten ezer lortu. Orain autopsia egingo diote langileari, heriotzaren arrazoiak argitzeko. Teknikariek txostena egingo dutela ere iragarri zuen Osalanek. Alberto Garciak makina astunak garraiatu eta konpontzeko Landalan enpresan egiten zuen lan.
Elektrokutatuta, langile bat hil da Azpeitian
Beste behargin bat hil zen, atzo, Andoainen, ustez bihotzekoak jota
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu