Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen sailburuak onartu du atsekabetuta dagoela Iberdrolak ez duelako Euskal Herrian jarriko elektrolizagailuen lantegia. Hala ere, ez dio elektrizitate konpainiari egotzi erabakia, Cummins bazkide teknologikoari baizik, «itzuli behar ez diren diru laguntzak» lehenetsi dituelako, eta laguntza horiek Europako Funtsen bidez banatzeko garaian Espainiako Gobernuak izandako irizpidea ere kritikatu du: «Laguntza horiek lurraldetasunean oinarrituta banatu behar baditugu, hanka sartzen ariko gara».
Tapia sailburuak ez du ezkutatu haserre dagoela Iberlyzer elektrolizagailuen plantarekin gertatutakoarengatik. Hidrogenoaren aldeko estrategia garbia du Jaurlaritzak, eta elektrolizagailuak eraikitzea jardunaren muina da. Gailu horiek dira, hain zuzen, uretik hidrogenoa bereizi eta energia iturri gisa erabili ahal izateko behar direnak. Ildo horretan, sailburuak azaldu du hainbat bilera izan zituztela Iberdrola eta Cummingsekin, planta hori Euskal Herrian jar zezaten, eta eskaintza zehatza egin zietela.
Tapiaren hitzetan, Iberdrolak begi onez ikusten zuen Euskal Herrian ezartzea, baina azken hitza Cumminsek zuen, eta nahiago izan du Guadalajaran (Espainia) ezartzea. Iberdrola, azken finean, haren bezero izango da, eta Ingeteam, haren hornitzaile. Sailburuaren ustez, «Cummins ez dago ohituta Euskadin lan egiten dugun modura», lankidetza publiko pribatuarekin, zehaztu du. «Eta diru laguntzei eta itzuli behar ez diren funtsei bakarrik eman zien garrantzia. Tristea da, baina horri bakarrik begiratu dio».
Zeharka bada ere, Tapiak Espainiako Gobernuari ere leporatu dio leku aldaketa. Guadalajaran jarrita, Cumminsek diru laguntza handiak jasoko ditu, eta horien iturria Europako Funtsak izango dira. Horiek horrela, Tapiak eskatu du funts horiek banatzeko garaian haien helburua kontuan har dadila, alegia, egitasmo «eraldatzaileentzat» izan daitezela, eta ez lurraldeen arteko orekaren arabera.
Azkenik, ardura kendu dio Iberdrolari, eta esan du Jaurlaritzak eutsi egingo diela harekin indarrean dituen lankidetza proiektuei. Baita hidrogenoaren euskal korridorearekin dituzten guztiei ere, eta, besteak beste, nabarmendu du CAFek egitasmo berritzaile bat duela hidrogenozko trena sustatzeko. Era berean, Tapiak azaldu du ez duela espero antzeko ezer gertatzerik Miñaon aurreikusita dauden baterien inguruko proiektuetan.