ELIKADURA. JANARIAREN PREZIOAK. Oraindik ere, jateko komeriak

Elikagaien prezioak nabarmen jaitsi dira, baina herrialde gehienetan oraindik garestiegi daudela ohartarazi du FAOk

Ivan Santamaria.
2009ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Elikagaien krisiak goia jo zuen 2008ko udan. Ordurako oinarrizko janari batzuen garestitze itzelak matxinadak piztu zituen Egipto, India, Indonesia eta beste hamaika herrialdetan. Irailerako, ordea, Lehman Brothers inbertsio bankuaren porrotak eta horren ondotik abiatutako finantza krisi apartekoak eguneko tituluetatik zokoratu zuten gaia. Harrezkero, jakien prezioa puztu zuen haizea baretu du ekonomiaren gainbeherak, baina horrek ez du esan nahi arazoa milioika lagunentzat bukatu denik.

Oinarrizko sei produkturen batez bestekoekin egindako saskia erabiltzen du FAO Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak elikagaien gorabeherak neurtzeko. Iazko ekainarekin alderatuz gero, saski hori %26 merkeago zegoen joan den maiatzean. Haatik, merkatzeko joera dagoeneko eten egin da. Otsailean azken bi urteko mailarik apalena izan eta gero, goraka hasi dira prezioak, arroza eta haragia ez beste elikagai guztiak garestitzearen ondorioz. Igoerarik nabarmenena azukreak izan du azken hilabeteotan.

Edonola ere, garatzeko bidean dauden herrialde gehienetan janariak oraindik garesti daudela ohartarazi du FAOk. Hala, oinarrizko jaki gehienetan izan diren uzta onak -inoizko handiena zerealetan, esaterako- eta nazioarteko merkatuetako prezio merkeagoen eragina uste baino gutxiago nabaritu da.

Kontuan hartu behar da goia jo baino lehen ia bi urtez salneurriak oro har %82 igo zirela. Egun, 2006ko batez bestekoekin alderatuz gero, FAOren salneurri neurgailuak %24 garestiago segitzen du.

Saharaz hegoaldeko Afrikako 27 herrialdetan aztertutako zereal prezio ia guztiek (%80 eta %90 bitartean) krisia hasi zenean zeudenen aldean laurden bat garestiago jarraitzen dute. Asian eta Hego Amerikan, berriz, prezioen %40 eta %80 bitartean orain- dik ere ez dira behar beste merkatu.

FAOk azken txostenetan azpimarratu du krisi ekonomikoak eta elikagaien prezio garestiek hala nekazaritza eremuetan nola hirietan egin dietela kalte txiroei.

Halaber, mundu osoko 30 herrialdek, elikagaiak segurtatzeko, kanpoko laguntza behar dute hondamendu naturalen, gatazka armatuen edo arazo ekonomikoen ondorioz. Afrika ekialdean bertan ia hogei milioi lagunek laguntza behar dutela dio txostenak. Gosea sekula baino zabalduago dago, gainera: munduko populazioaren seiren batek sufritzen du, 1.020 milioi lagunek.

Etorkizuna, garestiago

Elikagaiak merkatu dituzten gertakarien artean, petrolioaren salneurriaren jaitsiera dago, bi arrazoirengatik. Petrolioarekin zerikusi zuzena duten produktuak -erregaiak eta ongarriak, besteak beste- merkeago izateak ekoizpenari lagundu dio. Bestetik, erregai merke batek uzta bioerregaietarako bideratzea ez du hain erakargarri bihurtzen.

Halaber, OCDEk eta FAOk elkarlanean prestatu duten azterketa baten arabera, prezioen jaitsiera oraingoz ez da geldituko, baina horrek ez du esan nahi iraganeko prezioetara itzuliko direnik. Bi erakunde aldeaniztun horiek datozen hamarkadarako aurreikuspenak egin dituzte, aurrekoarekin alderatuz. Esaterako, laboreen truke %10-20 gehiago ordainduko da, batez beste, inflazioaren eragina aintzat hartuta. Landare olioen prezioa ere %30 igoko da.



Uztak eta prezioak

MERKEAGO, ORO HAR

Laboreak (- %31). 2008ko zereal uzta inoizko handiena izan zen, 2.287 milioi tonarekin. Aurten ere, apur bat jaistea espero bada ere, kopurua handia izango da. Horri esker, zerealen prezioa %30 merkatu da urteko lehen bost hilabeteetan. Haatik, 2007an baino garestiagoa da oraindik ere.

Garia (- %45). Martxoa arte etenik gabe jaitsi zen gariaren salneurria. Haatik, apiriletik aurrera gora bidean jarri zen, eta AEBetako etorkizuneko merkatuetan %14 garestitu zen hilabete horretan.

Arroza (- %0,1). Barietateen arabera, alde handiak daude. Baina, oro har, arroza iazko prezioetan dago. Iaz, batez beste, %83 garestitu zen arroza maiatza arte.

Haragia (- %6). Krisi ekonomikoak haragiaren kontsumoa mugatu du, batez ere herrialde garatuetan, eta horrek prezioak behera bultzatu ditu. Behi, ardi eta hegazti haragian eragina izan du jaitsiera horrek, eta apalagoa txerri produktuetan.

Esnekiak (- %52). 2007ko azaroan inoiz baino garestiago jarri ziren esnea eta eratorritako produktuak. 2009ko otsaila arte %58 jaitsi ziren, eta hortik aurrera zertxobait igo dira. Esnearen prezioak hondoa jo duen aztertzen ari da FAO.



Herritarrek igarriko dute azukrearen igoera udazkenean

Indiako uzta eskasak eta lehengaien merkatuetako espekulazioek gora bultzatu dute prezioa
I. S.

Elikagai gehienek merkatzeko joera dute orain. Azukreak, aldiz, kontrako bidea hartu du, eta azken hiru hamarkadetako salneurri garestiena gainditzen ari da egunotan. Indian -Munduko bigarren azukre ekoizlea da- uztaren jaitsiera adierazgarria izatea espero da, montzoian izandako eurite eskasen ondorioz. Produktuaren kontsumitzaile handiena da India, eta, aldaketarik ezean, esportatzaile garbia izan dena inportatzailea izango da aurten.

Aurreko sasoiarekin alderatuz, uzta %45 murriztea espero da Indian. Herrialde gehienetan ere produkzioa ez dela handituko iragarri dute. Salbuespen bakarra Brasil izango da. Iaz baino %29 azukre gehiago ekoitziko du. Alta, kopuru handi bat ez da elikagai merkatuetara iritsiko, kanaberatik ateratzen dena bioetanol erregaia egiteko bideratzen ari baita gero eta gehiago.

Ekoizle gehienek inportazioak handitu beharko dituzte, eta produktuaren falta egongo den susmoa azkar hedatu da. Azukrea, finduta erabiltzeaz gain, beste jangai asko ekoizteko ezinbesteko osagaia da. Mexikok eta Egiptok, esaterako, azukre erosketa handiak egin dituzte azken asteotan, ustezko eskasia horri aurrea hartzeko. AEBetako elikagai enpresa handi batzuek -Kraft, General Mills eta ConAgra, esaterako- Obamaren administrazioari inportazioak handitzea ezinbestekoa dela ohartarzi diote gutun bidez, The Wall Street Journal egunkariaren arabera.

Merkatuetan hasi da dantza

Indiako egoeran oinarrituta, lehengaiak trukatzen dituzten merkatuetan gora egin du azukreak. Findu gabekoak, hain zuzen ere, azken 28 urteko preziorik handiena du egunotan, eta urtea hasi zenetik %82 garestitu da. ICE etorkizun merkatuan 23 dolar zentimo ordaintzen ari dira libra bakoitzeko. Findutako azukre tonak, berriz, 557 dolar balio du, urtarrilean baino ia %70 gehiago.

Uzta eskasarekin batera, egun gora doan merkatu batez profitatzeko dauden aukera apurrek espekulazioa areagotu dute azukrearen alorrean. Garestitzea datozen asteetan kontsumitzaileen poltsikora iristea espero dute adituek.



Saririk ez Arabako erremolatxa ekoizleentzat

Azukrea faltako dela iragarri arren laborariak inoiz baino gutxiago kobratzen ari direla salatu du UAGAk
I. S.

Erremolatxa bizimodua aurrera ateratzeko baliabide ezinbestekoa da Arabako 300 familiarentzat. Azken urteotan nekazari askok laborea uztea erabaki badute ere, urteko uztak ez du aldaketa handirik izan, eta 200.000 tona inguru jaso izan dituzte. Lur egokiak daude herrialdean erremolatxarako, eta esperientziarik ez da falta, baina etorkizun handirik ere ez zaio atzematen.

«Jendeak gehiago ordaindu beharko du azukrearen truke, ez izan zalantzarik», azaldu du Jose Luis Ocio UAGAko batzorde eragileko ordezkariak, nazioartean gertatzen ari denaren jakitun. Alta, herrialdeko ekoizleentzat onuragarria izango den galdetzen zaionean, kexatu egiten da. «Igoera horretatik ez dugu deus jasoko».

Are gehiago, uztaren truke sekula baino gutxiago kobratu dute. «Iritsi gara 48 euro jasotzera tona bakoitzeko, baina aurten 26 izango dira». Gainera, administrazioek sei euro ematen dizkiote nekazariari tona bakoitzeko. Laguntzei esker bizi direla aitortzen du Ociok, nahi ez badute ere. «Gustatuko litzaiguke gutxieneko errentagarritasuna izatea. Industriak erosi nahi badu, gehiago ordainduko beharko luke, laborariak jendearen zergetatik datorren dirua behar ez izateko».

Europak baldintzatuta

Hasiera batean, 2014. urtea arteko iraupena izango du Europako Batasunak azukrearen merkatua arautzeko hartu zuen azken erabakiak. Negoziazio horietan Espainiari zegokion ekoizpen kuota erdira murriztea onartu zuen ministerioak. Hego Euskal Herria eta Espainia aintzat hartuta, 1,4 milioi azukre tona kontsumitzen dira urtero. Murrizketaren ondotik, produkzioa ez da 500.000 tonatik pasako.

Ekoizpen defizit hori inportazioen bidez zuzendu beharko da orain. «Kuota murriztera behartu gaituzte, baina prezioa ez da jaitsi. Aldiz, izugarri altxatu da». Ocioren irudiko, Alemania eta Frantziako enpresa handiek aterako dituzte orain etekinak.



30

Arazoak dituzten herrialdeak. Gaur egun 30 herrik kanpoko laguntza behar dute elikadura segurtasuna bermatua ez dutelako. Gehienak, hogei, Afrikan daude, eta besteak Asiakoak edo Ekialde hurbilekoak dira. Beste bederatzi zaintzapean daude, uzta aurreikuspen eskasengatik.



793,4

Munduko Bankuaren ekarpena. Apirilean elikagaien krisiari aurre egiteko programa 2.000 milioi dolar arte handitzea erabaki zuen Munduko Bankuak. Uztaila arte, guztira, 1.162 milioiko laguntzak onartuak ditu bankuak, eta horietatik 793,4 banatu ditu, 35 herrialdetan.



1.020

Seitik bat, txiro. Elikagaien krisiak txirotasuna gehiago zabaltzen lagundu zuen. FAOren arabera, munduko sei biztanletik bat pobrea da, inoizko kopuru handiena: 1.020 milioi pertsona, guztira. Gainbehera ekonomikoak beste 100 milioi lagun pobretu ditu.



Elikadura segurtasunari buruzko goi bilera, azaroan

Elikagaien krisiaren presioa apur bat arindu bada ere, elikadura segurtasuna aztertzeko goi bilera egingo dute datorren azaroaren 16tik 18ra Erroman (Italia). 2050. urterako munduan 9.000 milioi pertsona biziko dira, eta elikagaien gutxieneko produkzioa nola bermatu hausnartuko dute, FAOren eskutik.



300

Arabako erremolatxa ekoizleak. Tradizio handiko laborea da erremolatxa Araban. Ekoizle kopurua zertxobait murriztu bada ere, ogibide nagusia da oraindik 300 familiarentzat. Urtero 200.000 tona erremolatxa ekoizten dituzte herrialdean, azukrea egiteko.



Multinazionalen etekinak eta hazkundea (2008)

* Etekinak milioidolarretan daude

ALE MERKATURATZAILEAK

Cargill 3.951 %69

ADM 2.624 %- 17

Bunge 1.363 %13

Noble Group 436 %117

ONGARRIAK

Potash Corp 4.963 %164

Mosaic 2.682 %430

Yara 3.350 %131

HAZIAK-PESTIZIDAK

Monsanto 2.926 %120

Syngenta 1.692 %19

Bayer 1.374 %40

Dow 761 %63

BASF 894 %37

NEKAZARITZA MAKINAK

AGCO 526 %61

John Deere 3.124 %17

Case/New Holland 1.156 %39
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.