Hilaren 25ean Bilbon izango den Finantzen Foroaren berri ematearekin batera jakinarazi du datua Elkargi Elkarrekiko Garantia Elkarteak: aurten 150 milioi euroko finantzaketa emango du enpresa txiki eta ertainentzat. Zortzi hilabeteko epean lortuko du kopuru hori, maiatzera arte ez baita hasi maileguak ematen hala enpresentzat nola autonomoentzat.
Elkargiko kotseilari ordezkari Pedro Oiartzabalek esan du milatik gora enpresa eta profesionalek galdetu dutela Elkargiren maileguen baldintzen inguruan. Hala ere, 2009an Elkargik jarritako programan baino diru kopuru txikiagoak eskatzen dituzte orain batez beste. "Eskaera orokorraren egoerak azaldu dezake kredituaren eskaera ere jaitsi izana".
Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburu Ricardo Gatzagaetxeberriak inauguratuko du XIV. Finantzen Foroa datorren asteazkenean Euskalduna jauregian, Bilbon; 1.000 profesional bertaratuko direla espero dute antolatzaileek.