Euskal finantzatze eredua aldarrikatu du Elkargik. Eredu horrek "banku eta enpresa sendoak" eskatzen dituela dio, baina baita berme sistema "sendo bat" ere. "Hori lagungarria izango litzateke arrisku arazoak konpontzeko eta haiek sortzen dituzten kostuei aurre egiteko, baita berriz sor litezkeen likidezia arazoei aurre egiteko ere", esan du gaur goizean Pedro Oiarzabal kontseilari ordezkariak. Bermedun finantzaketa enpresentzat ez ezik bankuentzat ere "ona" dela nabarmendu du.
Bazkideen batzar orokorra ari da egiten gaur Elkargi Donostiako Kursaalen. Bermedun finantzaketa eredua txalotzeaz gain, sozietateak dio sistema sendoa izateko beste osagaia lankidetza publiko-pribatua dela, "enpresa txiki eta ertainak finantzatu ahal izateko Europako programetan".
Josu Sanchez Elkargiko presidentearen esanetan, krisiaren "inflexio puntua" izan zen iaz, eta "susperraldi txiki bat" ikusten da. Alabaina, "zalantza" eragiten duten puntuak badaudela dio. Zerga erreforma da horietako bat.
%8,3ko berankortasuna
Batzarraren aurretik iazko emaitzen berri eman du Elkargik. 3,6 milioi irabazi zituen, %22,3 gutxiago. Berankortasuna izan zen arazoetako bat: %8,3 igo zen eta 49,5 milioi ordaindu behar izan zituen ordaindu gabeko kredituen berme emaile gisa.
Elkargiren arrisku bizia 924 milioi euro ingurukoa zen urte bukaeran, 250.000 euroenpresa bazkide bakoitzeko . Arrisku hori %7 jaitsi da, aurrez bermatutako kredituen amortizazioagatik. Alabaina, krisi hasieratik %6 igo da bermatutako arrisku bizia, kreditu orokorra %20 jaitsi arren. Oiarzabalek azaldu du aurreikuspenek ez dutela hobekuntza nabarmendik iragartzen berankortasunean.
Iazko ekitalditik Eusko Jaurlaritzarekin batera martxan jarritako programa nabarmendu du Oiarzabalek. Programa horrek aukera ematen du enpresa ertain eta txikiei nahiz autonomoei Euribor+%3,5ean emateko maileguak, 7 urterako. Programak "zorua markatu" duela nabarmendu du, garestia baitzegoen kreditua.
Gaur bertan beste itun bat sinatu du Credit Agricolekin, "inongo herrialdetan ez egoteko euskal enpresa bat arazotan".