Euskal Elkargoko erabakitzaileekin protokolo bat adostu zuten atzo LAB eta CFDT sindikatuek, Elkargoko langileen ordainsari eta hobari sozialei buruz, baita elkarrizketa sozial iraunkor bati buruz ere. CGT sindikatuak ez du parte hartu protokoloaren adosteko azken lanetan, eta ez du sinatu. Protestan segitu du, uste baitu gehiago erdiets zitekeela eta zerbitzu batzuen pribatizatzeko arriskua badela. Hitza-ri ihardetsi nahi izan ez dion sindikatu bakarra da.
Hastapenean, denak mahai inguruan ziren. Elkargoko agintariak, CGT, CFDT eta LAB. Udako bakantzen bukaeran gauzak aldatu dira bat-batean. Iban Ibarburuk elkarrizketetan parte hartu du LABen ordezkari gisa: "2017ko bigarren seihilekoan lantaldeak plantan ezarri ziren langile guztien aldaketak prestatuz joateko: ordainsarien arautegia, lan denbora eta ekintza soziala. Hiru lantalde egin ziren hiru sindikatuetako kideekin bakoitzean. Horko aitzinamenduak onartzen ziren —edo ez— lantalde teknikoan". Maiatzean hasi ziren gaien lantzen. Laurent Roux, elkargoko sindikatuetan bigarren indar CFDTko ordezkaria da —CGT da lehena, LAB hirugarren—; segida esplikatu du: "Administrazioak nahi zuen biziki fite joan. Ekain hondarrean erran ziguten uztail erditsuko jada ondorioak beharko zirela atera, lerro nagusietan, langileen sarien eta gizarte profiletan. Ordainsariei buruz ongi aitzinatuak ginen, baina lan ordutegien antolakuntzan urrundik ere ez ginen helduak". Horretan, erabaki zuten Maider Behotegi Giza Baliabideen hautetsi ordezkariari eta Jean-Rene Etxegarai lehendakariari zuzenki mintzatzea. Roux: "Behotegi andereari idatzi genion uztail hastapenean, hari eta Etxegarai jaunari esplikatzeko ez ginela kontent ez eginmoldearekin, ez hartu bidearekin. Lasterregi zihoala gauza eta paretari kontra gindoazela".
Bakantzak izan ziren artean, eta irailean hiru sindikatu ordezkariek —CGT, LAB, CFDT— deliberatu zuten elkarrizketa sozialerako Lan Batzordean gai zerrenden kontra bozkatzea, gauzak beste gisa batez egitera behartzeko. Bi astera finkatua zen ondoko lan bilkura, baina arte horretan CGTk bidez aldatu zuen. Ibarburu: "Memento batean, ez geunden ados gutieneko kopuruetan —goratu dugu, elkargoak segitu gaitu—. CGTk utzi zion lantaldeetara eta talde teknikora jiteari iduri zitzaielako haien eskaerak ez zirela agintariengandik entzunak". Adibide bat eman du: "C kategoriako langileentzat —laguntzaile teknikoak, soldatarik apalenekoak, 1.300 euro hilean lortu genuen — 2.800 euroko ordainsaria —soldatari gehigarri; gordin, urte osorako—, eta haiek 4.000 euro arte igotzea galdetzen zuten. Kalkuluak egiten badira, mila langilez gora dituen elkargo batentzat 4.000 euroko ordainsariekin buxetaren emendatze erreala 12 milioi litzateke. Hautetsiek argiki erran ziguten hori ez zela posible". CGT mahaitik joana, solas teknikoetan segitu zutela dio Rouxek: "Guk bidea segitu dugu LABekin elkarlanean, elkarrizketak segituz administrazioarekin. Entzunak izan gara, zerbitzuburu berriak [Jean-Marie Martinok] ongi ulertu ditu gure galdeak".
Irakurri erreportaje osoa Iparraldeko Hitza-n.