Gizarte babesa

Elkarrekin Podemosek DSBEa enplegu bilaketatik bereiztea proposatuko du

PPk erreforma aurkezteko daraman atzerapena aurpegiratu dio Eusko Jaurlaritzari, eta moldaketa EH Bildurekin hitzartu nahi duela uste du.

Tinixara Guanche Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidea, eta, haren atzean, Laura Garrido PPkoa, artxiboko irudi batean. DAVID AGUILAR / EFE
Ivan Santamaria.
2018ko apirilaren 25a
12:22
Entzun

DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren filosofiari aldaketa erradikala egin nahi dio Elkarrekin Podemosek. Hasieratik, laguntza jasotzeko eskubidea eta lanpostu bat modu aktiboan bilatzeari baldintzatu zaio, laneratzeko moduan ez dauden kolektiboak kenduta. Podemos, Equo eta Ezker Anitzaren koalizioak uste du iritsi dela garaia DSBEaren eta enpleguaren arteko lotura hausteko.

Praktikan, horrek esan nahiko luke DSBEaren azpiko diru sarrerak dituen herritar orok izango lukeela ordaina jasotzeko eskubidea, lanean ari den edo ez, edota lana bilatzen ari den edo ez axola gabe. Elkarrekin Podemosek egindako kalkuluen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan pobrezia egoeran edo bazterketa arriskuan dauden 190.000 herritar babestuko lituzke aldaketak. Koalizioak azpimarratu du, gaur egungo sistemarekin, pobrezian dauden 59.497 pertsonek ez dutela errenta jasotzen, eta, jaso arren, beste 63.000 lagunek txiro izaten jarraitzen dutela.

Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin dute gaur Elkarrekin Podemoseko ordezkariek, errenta erreformatzeko proposamenaren oinarriak aurkezteko. Tinixara Guanche legebiltzarkidean aburuz, egin nahi den erreformak DSBErako eskubidea "indartu" beharko luke, "bizitza duina" eraman ahal izateko, eta aberastasunaren banaketa "bidezko eta solidarioa" izan behar du oinarri.

Gutxieneko soldataren %100

Gaur egungo sistemarekin alderatuta, ordainak handitzea eta baldintzak malgutzea jasotzen du proposamenak. Koalizioak nahi du ordainaren erreferentzia lanbidearteko gutxieneko soldata izaten jarraitzea. Hain zuzen ere, gutxieneko soldataren %100 izango litzateke, eta %125 izan liteke haurrak edo pertsona dependenteak kargura dituzten familien kasuan. Legeak ezarrita du DSBEa pertsona bakarreko elkarbizitza unitate batentzat %88 izango dela, baina azken urteotan egindako murrizketek eta ordainaren eguneratzea inflazioari lotu izanak kopuru hori errealitatean %76ra jaitsi du.

Elkarrekin Podemosen ustez, errentarako eskubidea norbanakoei eman behar zaie, eta 18 urtetik gorako guztientzat zabaldu behar zaie. Gaur egun, 23 urte dira gutxieneko adina. Era berean, erroldatuta izateko baldintza hiru urtetik urtebetera jaistea defendatuko du, eta sei hilabete larri dabiltzan pertsonentzat. Horrekin batera, laguntza kobratu ahal izateko dauden ondare pertsonalaren mugak zabaldu nahi dituzte.

Proposamenaren nondik norako tekniko guztiak aurreratu argitaratuko ditu koalizioak. Gaur horren berri emango die hiru alderdietako militantziari, Bilbon egingo den bileran.

PP eta EH Bildu

Guancheren arabera, ez dute inolako harremanik izan Eusko Jaurlaritzarekin, prestatzen ari den erreformaren norabideari buruz. Atzo gaiari buruzko agerraldia egin zuen koalizio independentistak, eta Maddalen Iriarte eledunak aurreratu zuen lehen hartu-emanak izan dituztela Urkulluren gobernuarekin, gaia negoziatzeko.

Jaurlaritzaren eta EH Bilduren arteko negoziazio hori kritikatu du Laura Garrido PPko legebiltzarkideak. Haren irudiko, gobernuak eta koalizioak "bizkarra eman diete" DSBEak eta Lanbidek dituzten arazoei. "Kezkatuta" dago Garrido, uste baitu honezkero gobernuak erabaki duela erreformaren edukia EH Bildurekin adostea. "Arazoaren konponbideak behar duen kontrako norabidean doa" koalizioa, Garridoren aburuz. PPrekin ez dutela inolako kontakturik izan zehaztu du, halaber.

Ostiralean galdera egingo dio Garridok Beatriz Artolazabal Enplegu sailburuari, errentaren eta enplegu zerbitzuaren erreformak aurkezteko daraman atzerapena azal dezan. Jaurlaritzaren "geldotasuna", eta legebiltzarreko akordio ugari ez betetzeko joera kritikatu du. Artolazabalek Lanbideko erreforma sei hilabetean aurkeztuko zuela agindu zuen pasa den urteko urtarrilean. DSBEari dagokionez, aurtengo lehen hiruhilekoan lege proiektu bat aurkeztu zutela aurreratu zuen, baina ez da oraindik tramitea egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.