Elkarrizketa sozialari ekingo dio gaur Lopezek, gehiengo sindikala gabe

Euskadiko CCOO eta UGTko idazkari nagusiak eta Confebask patronaleko presidentea hartuko ditu Lakuan

Mikel Carramiñana.
Bilbo
2009ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Sindikatuak eta enpresaburuak mahai berean bilduko zituela hitzeman zuen Patxi Lopezek martxoko hauteskundeen atarian. Lehendakaritza eskuratu eta bi hilabetera, elkarrizketa soziala martxan jarriko du gaur. Eguerdiko hamabietan eratuko dute elkarrizketarako mahaia. Lehendakaritzan elkartuko dira Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaleta, Euskadiko CCOOko idazkari nagusi Unai Sordo, UGT-Euskadiko buruzagi Damaso Casado eta Confebask patronaleko presidente Miguel Lazpiur.

Lehendakaria ELA eta LAB sindikatuekin ere bildu izan da asteotan, baina biek berretsi diote ez dutela parte hartuko elkarrizketa sozial eredu horretan. Beraz, gehiengo sindikalaren hutsa izango da nagusi gaur eratuko duten mahaian.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiak aurten %2,4 atzera egingo duelarik eta langabezia %10era helduko dela aurreikusi dutelarik, elkarrizketan parte hartuko duen eragile bakoitzak gai jakin batzuk jorratu nahiko ditu. Jaurlaritzak babes soziala hobetzeko proposamenak jarriko ditu mahai gainean, Confebaskek enpresen jarduera indartzeko neurriak eskatuko ditu eta sindikatuen aldarrikapen nagusia enpleguaren defentsa izango da.

Lau mahai

Bakarraren faltan, elkarrizketa sozialak lau eztabaidagunetan garatuko dutela aurreratu du Eusko Jaurlaritzak. Bakoitzaren eginkizunak gaur zehaztuko dituzte, baina mahai orokorrarekin batera, sektore jakin batzuen arazoak jorratuko dituzten beste hiru mahai sortuko dituzte.

Elkarrizketa soziala krisia gainditzeko eta langabeziaren arazoari aurre egiteko lanabesa bilakatu nahi du Jaurlaritzak eta, akordioak hasieratik hartzeko asmoa badu ere, emaitzak ikusteko «eperik ezartzea ezinezkoa» dela adierazi du Idoia Mendia bozeramaileak.

LAB eta ELAri buruz, etorkizunean mahaian parte hartzeko aukera izango dutela esan dute Lakuatik. Sindikatu horiek, alabaina, enpresaburuen interesek mugatutako eztabaidan parte hartuko ez dutela erantzun dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.