Sindikalgintza

Elkarrizketa sozialeko mahaian ez dela egongo berretsi du LABek

Eusko Jaurlaritzaren nahia kritikatu du Aranburuk, ez duelako sindikatuen gehiengoa errespetatzen

jarraia156830.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko irailaren 19a
14:23
Entzun

“Hilda dagoen elkarrizketa sozialerako mahai bat berpiztu nahi dute”. Hitz horiekin definitu du Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak elkarrizketa soziala bideratzeko asmoarekin Eusko Jaurlaritzak Confebask patronalarekin, eta CCOO eta UGT sindikatuekin herenegun egindako bilera. “Jaurlaritzak garbi erakutsi du zein den bere lehentasuna, eta sindikalgintzaren zati bati ezikusiarena egin dio”. Elkarrizketa soziala gutxiengoan dauden sindikatu “otzanekin” egiteko nahia salatu du horrela, eta martxan egon den urteetan ezer lortu izana salatu du. Horregatik guztiagatik, mahai horretan ez dela egongo berretsi du sindikatuko ordezkariak.

Adierazpen horiek hauteskunde sindikalen harira Bizkaiko ordezkariekin egindako batzarra baino lehen egin ditu Aranburuk, eta hauteskunde hauetan LABek izango dituen helburuak zehaztu ditu. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan duten bigarren postua finkatu nahi dute, eta CCOOrekiko daukaten aldea handitzea izango da bertan asmo nagusia, bien artean tarte txikia baitago. Horretaz aparte, Nafarroan hazten jarraitzea izango da sindikatuaren helburua. Azken lau urteetan gehien hazi den sindikatua da lurralde horretan, eta %16tik gorako ordezkaritza lortua dauka dagoeneko.

Ordezkarien artean emakumeen presentzia handitzea izango da beste helburua. “LABeko afiliatuen %40 emakumeak dira, eta ordezkarien artean %36 dira; afiliatuen zenbatekora iristea izango da asmoa”. Horrekin batera, gazteen presentzia ere handiagotu nahi dute hauteskunde sindikalen epe trinko honetan.

Aranburuk kontrabotereko sindikalgintzaren beharra aldarrikatu du, “patronalak eta gobernuek sindikalgintza otzana” nahi dutelako, bere ustez. “Beharrezkoa da era horretako sindikatu bat, prekarizazioaren aurrean eraginkortasuna handitzeko, eta egungo politika publikoak aldatzeko”. Zentzu horretan, LAB ezinbesteko giltza izan daitekeela azaldu du Aranburuk, “eredu sindikala berritu” duelako, eta sektore prekarioenetara iristeko saiakera egin duelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.