Sindikalgintza

Elorrietak enpresariak eta administrazioa kritikatu ditu agurreko batzarrean

Politika arloan indar subiranistak batzearen alde egin du. Alfonso Muñoz idazkariorde nagusia proposatu du =lELAko==http://www.ela-sindikatua.org/=l Nazio Batzordeak idazkari nagusi kargua hartzeko. Zuzendaritza aldatzeaz gain, datozen lau urteetarako ildoak ezarriko ditu ELAk XII. Batzarrean. Sindikatua sasoi onean dela azpimarratu du Elorrietak.

2008ko azaroaren 26a
15:26
Entzun
ELA sindikatuko 736 ordezkariren bilgune da gaur eta bihar Bilboko Euskalduna Jauregia. Hain zuzen ere, han ari dira egiten XII. Batzarra, besteak beste, 20 urtez sindikatuko idazkari nagusi izan den Jose Elorrietaren ordezkoa hautatzeko, bihar. Honek adina dela-eta utziko dio idazkari nagusi izateari, hala ezarrita baitago ELAren sindikatuetan.

Goizean egin du hitzaldia hark, Batzorde Eragilearen kudeaketa txostenari buruzkoa, eta enpresariak eta administrazioa kritikatu ditu. "Enpresariak eta administrazioa prest daude arauak apurtzeko, gehiengo sindikalaren kontra joateko, askatasun sindikalaren kontra joateko". Hori dela-eta, hainbat egituratan duten parte-hartzea eta presentzia "gainbegiratzeko" erabakia hartua dutela adierazi du.

Aldiz, ELAren sasoia ona de azpimarratu du. "Oso gehiengo sendoa eta homogeneoa dugu Euskal Autonomia Erkidegoan; %40,28koa, hain zuzen. Nafarroan izan dugun bilakaera eta aurreratzea ere nabarmenduko nuke, ordezkaritzaren %21,46an kokatzea lortu dugulako. Guretzat emaitza hauek oso adierazgarriak dira, langileek izaera errebindikatzaile nabarmena duen sindikalgintza mota bati babesa ematen diotela agerian uzten duelako. Bestetik, afiliazioan hazi egin gara. Aurreko kongresuan 104.695 afiliatu ginen, eta orain -irailaren 30eko datuak dira-, 109.318 afiliatu".

Politika alorrean, Elorrietak esan du indar subiranisten metaketa beharrezkoa dela, baina beste Lizarra-Garazi baterako baldintzarik ez dagoela gaur egun.

Idazkaritza nagusiko kargu aldaketa izango da batzarraren ezaugarri nagusietako bat. Ezustekorik ezean, Alfonso Muñoz egungo idazkariorde nagusia aukeratuko du batzarrak Elorrietak utzitako kargua hartzeko; hain justu, Muñoz da sindikatuko nazio batzordeak proposatutako hautagaia.

Baina zuzendaritza aldaketa erabakitzea ez da ELAko ordezkariek batzar honetan duten lan bakarra; horrez gain, datozen lau urteetako norabideak zehaztuko dituen ponentzia aztertu eta bozkatuko dute.

Elorrietaren hitzaldiaren ondoren, Amaia Muñoa diruzainak gehigarri ekonomikoa aurkeztu du, eta hainbeste afiliatu izateak onurak dakartzala aipatu du. "Azken lau urteetan lau puntutan handitu da kuoten pisua diru-sarreren osotasunetik; hau da, gure diru sarreren ia %86 afiliatuen kuotetatik dator. Eta hori oso albiste ona da ELArentat. Afiliazioaren aldeko haututa egiten dugu gure proiektua autonomia osoz garatu ahal izateko, kanpoko presioetatik at. Autonomia horretan datza gure indarra".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.