EHNE sindikatuaren ustez "sakontasun eta ausardia handiagoa" behar du Emakume Baserritarren Estatutuak, "ez baitu emakume nekazari eta abeltzainen langile izaera eta errekonozimendurik lortzen". Amelia Jauregi EHNEko kideak "testu juridiko lotesle bat" eskatu du, oraingoak ez duelakoan aukera berdintasunik bermatzen.
Jauregik nabarmendu du estatutua ez dela berria, zazpi urte daramatzatela lantzen. "Agintean egon den administrazio bakoitzak bere interesen arabera moldatu du estatutua, beti asmo propagandistikoarekin". EHNEren arabera, "ez estatutu honek ez eta aurretik planteatutakoek ez dute jasotzen sektorearen benetako egoera". Estatutuak eskubide zerrenda behar duelakoan daude sindikatuko kideak, eta eskubide horien urraketek zein zigor izango duten ere jaso behar lukeela.
Ustiategien titulartasunari buruzko atalak du garrantzi handiena estutuan, baina hori ez dela "berritasuna" salatu du EHNEk. Gogora ekarri du duela lau urte Espainiako Kongresuan onartu zela puntu hori, baina, hala ere, ez duela eragin praktikorik izan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako landa eremuan egindako azken erroldaren arabera (2009), ustiategien %68 gizonen izenean daude, eta %32 baino ez emakumeen izenean.
Azoka, etzi
EHNEk iragarri du datorren larunbatean, hilaren 26an, Emakume Baserritarren Azoka Gardena antolatuko dutela sindikatuko Konfederazioko emakume baserritarrek. "Elikadura burujabetzearen bidean emakumeok erein dugun lanaren hazia aldarrikatzea da gure helburuetako bat". Guk erabaki, guk ekoiztu eta guk saldu da azokaren lelo nagusia. Donostiako Bulebarrean izango da azoka, 10:30etik 14:30era.