Emakumeak eta gazteak dira ELAko

Sindikatuak 102.703 afiliatu ditu gaur egun, eta batez ere zerbitzu sektorean egin du gora

2004ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Inoiz baino kide gehiago ditu ELAk une honetan: 102.703. Hego Euskal Herriko soldatapeko langile guztien %10; sindikatu baten edo bestean afiliatutako hiritarren %40 ia-ia. Emakumeak eta gazteak dira azkeneko hiru urteetako kide berrien erdiak. Ildo horretatik, sindikatuko arduradunek azaldu dute «batez ere prekarietate handieneko sektorean» egin dutela aurrera, zerbitzuetan, alegia. Beren esanetan, hazkundea «erabat lotuta» dago ELAk jorratu-tako «lan eta borroka» ildoekin.

2003ko afiliazio datuen gainean jardun zuen ELAko idazkari nagusi Jose Elorrietak atzo. Jakinarazi zuenez, sindikatu abertzaleak 2.166 kide gehiago lortu ditu urtebetean: 1.235 Bizkaian, 577 Araban, 284 Nafarroan eta 70 Gipuzkoan. 2002an baino %2,1 afiliatu gehiago ditu orain. Hego Euskal Herriko 916.000 soldatapeko langileen %10, hain zuzen. «Adituek diotenez, afiliazio tasa %22 eta 25 bitartean dago gurean. Beharginen %40 ordezkatzen ditugu, beraz», iragarri zuen.Soldatapeko langileak dira ELAko kideen %87,9. Elorrietaren ustez, «langabeek eta bestelakoek pisua galdu dute denboraren joanean». Ez, hala, emakumeek eta gazteek. Azken hiru urteetako kide berrien %47 emakumeak dira eta %46 gazteak. ELAko hiru afiliatutik bat emakumea da: 34.434, orotara. Eta 30 urtetik beherako 12.500 bat gazte daude sindikatuan.

«Eredu sindikalak» erakarri ditu gazteak eta emakumeak

«Eredu sindikalari» zor zaio hazkundea. ELA batez ere Zerbitzu sektorean hazi da. Sektore hori da «prekarietate handienekoa», eta gazteek eta emakumeek pairatzen dituzte «lan baldintza eskasenak». Hartara, Elorrietak ohartarazi zuen «lan eta borroka» ildoak «giltzarri» bihurtu direla.

Ia 1.000 kide berri bildu ziren Zerbitzuen federaziora iaz. Beste hiru federazioetan apalagoa izan zen igoera: Metalean 642 kide gehiago daude orain. 369 Hainbaten papergintzan, eraikuntzan, garraiogintzan, besteak beste , eta 196 Gizalanen. Zerbitzu publikoetan eta irakaskuntzan.ELAko idazkari nagusiak ontzat jo zituen 2003ko datuak:«Urte ona izan da». Adierazi zuen, dena den, aurreko urteetakoa baino emaitza apalagoa izan dela iazkoa. «Enpleguaren hazkuntza moteldu ahala, afilazioen gorakada ere moteldu da», Elorrietaren iritziz. ELAk 91.076 kide zituen 2000. urtean. 96.945 duela bi urte. 100.000ra iritsi zen iaz. Eta 102.703 zituen abendu bukaeran. «Marka handia erdietsi dugu», nabarmendu zuen ELAko idazkari nagusiak atzo, pozik.

Ordezkari kopuruan behera egin zuen ELAk 2003an

Inoiz baino kide gehiago ditu ELAk gaur egun. Ordea, enpresetako ordezkari kopuruari dagokionez, sindikatu abertzaleak behera egin zuen iaz, LABek joan den astean emandako datuen arabera betiere.

ELAk %0,49 ordezkari gehiago lortu zituen 2002an, baina ezin izan dio goraldiari eutsi: %0,18 ordezkari gutxiago ditu orain. UGT ere makalago ibili da. CCOOk eta LABek, berriz, ordezkaritza handiagoa lortu dute: %0,24 eta %0,10 delegatu gehiago, hurrenez hurren.LABek azaldu zuenez, sindikatu abertzaleak dira nagusi Hego Euskal Herrian. %36,07ko ordezkaritza dauka ELAk eta %15,33koa LABek. Delegatuen %20,51k, berriz, CCOOri eman zioten botoa 2003an; %18,30k UGTri. ELAk eta LABek baino %13 ordezkari gutxiago biltzen dituzte UGTk eta CCOOk. Indarra galdu dute sindikatu txikiagoen aldean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.