"Soldata diskriminazioa da gaur egun emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasuna eragin eta betikotzen duen faktoreetako bat", salatu du Emakundek, soldata berdintasunaren egunaren bezperan. Datuak argiak dira Emakunderentzat: "Emakumeen eta gizonen arteko soldata diferentzia 7.551 eurokoa da EAEn". Sektoreka ere "diferentzia handienak zerbitzuen sektorean" daudela nabarmendu du, "hain justu, emakume gehien duen sektorean".
Baina datuak argiak izanagatik ere, Emakunderen aburuz, "iritzi publikoak zailtasunak izaten ditu diskriminazio hori eragiten duten faktoreak zehazteko". Horren ondorioz, gizarteak gaiaz duen kontzientzia "ez da arazoaren larritasunaren neurri berekoa".
Diskriminazioa dakarten faktoren artean, "lan munduan gertatzen den zereginen banaketa" nabarmendu du Emakundek. "Lanpostuen bereizketa bertikal eta horizontalak zenbait lanpostu zehatzetara bideratzen du emakumea eta lidergo postuetara heltzea eragozten dio. Bereizketa horren ondorioz, emakumeak ugarien diren hainbat lanpostu daude, eta ordainsaria eskasagoa izaten da horietan".
Era berean, laneko eta familiako eginbeharrak orekatu behar izateak bereizketa hor indartzen duela uste du Emakundek, horrek gizonarekin berdintasunez lehiatzea galarazten diolako eta askotan emakumeek, oreka horren bila, malgutasun handiagoko lanpostuak aukeratzen dituztelako. "Ondorioz, lanaldi partzialeko lanpostuetan emakumeak nagusi dira mundu osoan".
Emakundek azaldu duenez, diskriminazioa ez da soilik modu inplizituan etortzen, kontratu, iraupen edo okupazio motaren arabera; modu agerikoagoan gertatu ere geratzen da; "kontratu mota, iraupen eta okupazio bera izan arren, aldeak antzematen dira emakumeek eta gizonezkoek jasotako soldaten artean".