Euskadiko Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) badu Francisco Huidobroren ordezkoa: Emilia Malaga izango da idazkari nagusia aurrerantzean. Portugaleten jaioa da, 44 urte beteko ditu aurten, eta Zuzenbidean lizentziatua da.
Orain artean UGT Euskadin aritu izan da. Emakume arloko zuzendari izan da, eta berdintasun eta nazioarteko saileko idazkaria. Sindikatu horretan bertan, nazioarteko politikaren kontseilu konfederalean parte hartzen zuen. Europako Sindikatuen Konfederazioko ordezkari ere bada; zehazki, erakunde horren Erregio Arteko Sindikatuen Kontseiluko batzorde exekutiboko kide da, migrazio eta inkusio sozialean aditua.
Abenduan, KESeko idazkari nagusi izateari utzi eta presidente kargua hartu zuen Huidobrok, Juan Maria Otaegi Mondragon taldeko buru ohiaren ordez.