ENERGIA . Petrolio garestia findegi eskasiak eragiten duela dio LPEEk

Erredakzioa
DONOSTIA
2005eko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Petrolio upela 55 dolarren inguruan dagoela, Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak (LPEE) bilera egingo du gaur Vienan, besteak beste, orain arteko ekoizpen kuotekin jarraitzea ala handitzea erabakitzeko.

Ofizialki, egunero 27,5 milioi upel ekoizten dituzte kuota sistemaren barruan dauden LPEEko hamar herrialdeek (Irak sistema horretatik kanpo dago). Egiazko ekoizpena, ordea, eguneko 28,2 milioi upelekoa dela aitortu zuen atzo Ahmed al-Fahd al-Sabah Kuwaiteko Petrolio ministro eta jarduneko LPEEko presidenteak. Ondorioz, zenbait ekoizlek «arrazoizko preziora» itzultzeko proposatzen duten eguneko 500.000 upeleko ekoizpen handitzeak ez luke egiaz eraginik izango.

Nigeriak beste proposamen bat egin du: gaur igoera hori erabakitzea, eta LPEEko presidenteari ekoizpena nahi duenean eguneko beste 500.000 upeletan handitzeko eskumena ematea. Dena den, LPEEko herrialde gehienen ustez, findegien gabezia da handituz doan eskariari ezin erantzun ahal izateko arrazoi nagusia eta ez petrolio gordinaren falta. Herrialde kontsumitzaileek urteetan ez dutela findegi berririk eraiki diote ekoizleek, eta horrek asko garestitu dituela bai petrolioa bai erregaiak. «Findegiak eraiki behar dituzte», esan zuen Saudi Arabiako petrolio ministro Ali Al-Nouaimik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.