•Nola funtzionatzen du enkante batek?
Estatuak diru kopuru jakin bat eskuratzeko asmoa agertzen du, eta amortizazio epe jakin bateko tituluak jaulkitzen ditu. Proposamen bat egiteko eskatzen die inbertitzaileei.
•Eskaintza guztiak onartzen dira?
Ez. Lehenik, proposamen merkeenak onartzen ditu Altxorrak; gero, berriz ere merkeenak, eta hala hurrenez hurren…harik eta nahi duen diru kopurua lortu arte. Zenbat eta proposamen gutxiago jaso, orduan eta garestiago aterako zaio. Adibide gisa: atzoko enkantean jasotako proposamenak onartutakoak baino 2,1 bider handiagoak izan ziren soilik. Batez besteko handia dirudi, baina oso txikia da.
•Zenbat proposamen mota daude?
Bi. Batean, inbertitzaileek adierazi behar du zenbat diru jarriko duen eta zer preziotan. Bigarrenean, diru kopurua soilik adierazten du, preziorik jarri gabe. Hala, enkantean onartutako prezioen batez besteko ponderatu bat jasotzea onartzen du.
•Zenbat titulu mota daude?
Hiru. Letrak, bonuak eta obligazioak. Letrak epe motzeko tituluak dira; hilabete batzuetako epea dute. Bonuak epe ertainera dira, bi eta bost urte artean. Obligazioak, berriz, epe luzera dira, bost urte eta 30 urte bitartean.
•Zeren arabera ezartzen dira prezioak?
Merkatua bera da erreferentzia nagusia. Kontuan hartu behar da estatuek urtean enkante kopuru zehatz batzuk egiten dituztela. Dena den, enkante horietan eskuratutako zor tituluak beste merkatu paralelo batzuetan salerosten dituzte bankuek egunero. Hala, bigarren merkatu horietan une oro zehazten dira interes tasak eta prezioak; hala, erabakigarriak dira ondorengo enkantearen nondik norakoa ezartzeko orduan. Zenbat eta interes tasa handiagoa eta prezio txikiagoa, orduan eta arrisku pertzepzio handiagoa. Kontzeptuok arrisku sariaren bidez neurtzen dira.
•Zer diferentzia dago prezio eta interes tasaren artean?
Ohiko dikotomia errenta finkoan. Interes tasak zergadunak (estatuari) inbertitzaileari (hartzekodunari) epe jakin batean urtero ordaindu beharreko tasa ezartzen du.Adibidez, 1.000 euroren truke %5eko interes tasa duen hamar urteko Espainiako bonu bat eskuratuz gero,hamar urtean urtero 50 euro ordainduko ditu estatuak, eta hasieran jarritako 1.000 euroak itzuliko amaieran (hala, 2022ra arte, 1.500 euro jasoko ditugu guztira hartzekodunak). Prezioa, berriz, etorkizunean titulu horren balioak izandako bilakaerari merkatuek orain egindako balorazioa da. Izan ere, 2012ko 1.000 milioi eurok 2022an ez dute berdin balioko. Prezioan %100 da erreferentzia, eta esan nahi du interesez gain zergadunak 1.000 euro itzuliko dituela: %100etik gorako prezioa ezarriz gero, 1.000 euro baino gutxiago jasoko du inbertitzaileak, eta %100etik behera, diru gehiago. %100etik zenbat eta beherago, orduan eta diru gehiago jarri behar estatuak.
•Zer dira merkatu sortzaileak?
Inbertitzaile handi eta txikiek euren bidez egiten dituzte eskariak. Eskari gutxi balego, eskaria jartzeaz arduratzen dira, enkantea hutsik gera ez dadin. Eskuratutako bonuak nahi ez badituzte, beherapenak eskaintzen dituzte, eskaria erakartzeko.
•Zeintzuk dira?
22 dira Espainiako enkanteetan: BBVA, Santander, Citigroup, JP Morgan, Deutsche Bank, CECA, Barclays, Citigroup, Bankia, Bankinter, Nomura, Commerzbank, Goldman Sachs, Credit Agricole, BNP...
Enkante baten funtzionamendua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu