BERRITZAILEA EUROPAN
Lantegi Batuak elkarteak ezintasunen bat duten pertsonek kudeatzen duten aterpe bat jarri berri du martxan Bilbon. Apirilaren 2an zabaldu zuten, eta Europan horrelako proiektu bat abiatu duen lehena da Lantegi Batuak. BBKBilbaoGoodHostel du izena, eta ostatua eskaintzen die gazteei, familiei zein taldeei. Aterpeak harrera «oso indartsua» izan du, Txema Franco Lantegi Batuak elkarteko presidenteak dioenez. Aurreikuspenak hobetu dituzte, eta ia astebururo betea dute. «Orain dugun erronka aste barruan ere jende gehiago erakartzea da, okupazioa orekatzeko». Hamabi lagun ari dira lanean, bi taldetan banatuta: bezeroari arreta emateko taldea eta jarduerak burutzeko taldea (garbiketak, ostalaritza lanak…). Aurrekontua hiru milioi eurokoa izan da, eta zenbateko horretatik, 1,6 milioi euro BBK-k jarri ditu.
BAZTERKETARI AURRE
Baliabide Gune Integralak (CIR) lan merkatuko bazterketari eta desberdintasunei erantzuna ematea du helburu, baita langileen bizi-kalitatea hobetzea ere. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako elbarriei enpresa arruntetan lan aukerak sortzen ahalegintzen da CIR, hiru ardatzetan oinarrituta: enplegu aukeran, banakako garapenean eta I+G+B sozial eta teknologikoan. Europako Gizarte Funtsak Baliabide Gune Integrala proiektuaren %50 finantzatzen du, eta EHLABE Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkartea da proiektuaren burua. Tartean dira Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Vital Kutxa eta BBK ere. Baliabide Gune Integrala proiektua 2007. urtean jarri zuten martxan. CIRen txostenen arabera, 2008an 1.000 laguni baino gehiagori laguntza eman zien Baliabide Gune Integralak; 2009. urtean, 1.200 izan ziren onuradunak.
ONCE-REN GARBITEGIA
ONCE Fundazioak, Fundosa Taldearen bidez, Flisa Euskalduna garbitegi industriala inauguratu berri du Lemoan (Bizkaia). 4.000 metro koadroko eraikina maiatz amaieran zabaldu zuen, eta, guztira, 101 lagun ari dira lanean —horietatik 86k ezintasunen bat dute—. Bi lan txanda dituzte, eta egunean 20.000 kilo arropa garbitzen dituzte, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hotel eta ospitaleetatik jasotakoak. 3,69 milioi euro erabili ditu taldeak eraikina egiteko. Flisak, gaur egun, 32 lantegi ditu, eta, guztira, 150 milioi kilo arropa garbitzen dituzte urtean. Lehen lantegia 1990ean sortu zuen Fundosa Taldeak. 2.800 langile dituzte, eta horietatik %85 dira elbarriak. «Herritarrei ekarpena egin nahi eta behar diegu; horregatik, bikaintasuna bilatzeko prest gaude». Hala adierazi zuen aurkezpenean Jose Luis Martinez Donoso ONCE Fundazioko zuzendari nagusiak.
Enplegu babestuaren aldeko proiektuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu