Udaletxeetan, ospitaleetan, unibertsitate eta eskoletan... Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazioetako ehunka langile mobilizatu dira ostegun honetan enplegu publikoa egonkortzeko eskatzeko. Gogoratu dute Hego Euskal Herriko administrazioek dutela Europako behin-behinekotasun tasarik handiena: langile publikoen %40k ez dute kontratu finkorik, 50.000k baino gehiagok.
Astebete barru, hilaren 22an, greba eguna izango dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazioetako langileek, ELA, LAB, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuek deituta. Horri begira, mobilizazio kanpaina bat abiatu zuten martxoaren 30ean.
Grebaren bitartez, negoziazio kolektiboa indartu dadila nahi dute, eta erakunde guztiei egiten diete dei, «Jaurlaritzatik hasi eta herri txikieneko udaleraino». Kontratazioan behin-behinekotasuna gehiegikeriaz erabiltzen dela sinetsita daude, eta horren atzean zerbitzu publiko ugari pribatizatzeko asmoa dagoela.
Behin-behinekotasuna dela eta, Europako epaitegiek ere ohartarazi diote Eusko Jaurlaritzari egoera hori konpondu behar duela.
Azken hilabeteetan, Espainiako Gobernuak asmoa agertu du Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua aldatzeko eta sektore publikoaren behin-behinekotasuna amaitzeko neurriak hartzeko. Eusko Jaurlaritzak ere Kidegoen eta Eskalen Legea aldatzeko egitasmo bat aurkeztu zuen iazko abenduan. Horren arabera, lan eskaintza publikoetan baldintza jakin batzuk betetzen dituzten behin-behineko langileek ez lukete oposizio proba osoa egin beharko. Sindikatuek arbuiatu dute egitasmoa adabaki bat dela eta horrek ez duela konponduko oinarrian dagoen arazoa.