Enpleguaren eta ekonomiaren alorrean 2005 eta 2010 urte bitarterako dituen proposamen orokorrak aurkeztu zituen atzo Europako Batzordeak. Besteak beste, Europa mailako lan itunak eta langileen batzordeak baimentzeko aukera aztertu nahi du Bruselak.
Europako Batasunak ez ditu eskumen zuzenak enpleguaren alorrean, eta soilik estatuen arteko koordinazioaz arduratzen da. Hori dela eta, estatuz gaindiko negoziazio kolektiborako tresna hori aukerazkoa litzateke, bai enpresa mailan, bai sektore mailan, Vladimir Spidla Gizarte Gaietarako eta Enplegurako komisarioak azaldu duenez.Spidla komisarioaren aburuz, egitura berria enpresa eta sektore ekonomikoei lagungarria izango zaie haien helburuak betetzeko. Esaterako, lanaldiaren antolakuntzan, enpleguan, lan baldintzetan eta hezkuntzan sakontzeko aukera emango die. Halaber, patronalari eta sindikatuei estatuz gaindiko ekintza maila areagotzeko oinarria ematea espero du Europako Batzordeak.Europako Sindikatuen Konfederazioaren ustez, Bruselaren proposamena ona da, baina soilik asmo onak ez izatea espero du. «Agenda ona da, birmoldaketen kudeaketa berriro gai ordenean sartzen duelako, eta enpresetako langileen batzordeak sustatzen dituelako globalizazioari aurre egiteko tresnak izan daitezen», aipatu du John Monks sindikatuen konfederazioko idazkariak.
ENPLEGUA. Europa mailako lan itunak egitea ahalbidetu nahi du Bruselak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu