Urtearen hasiera ez da espero modukoa izan, eta, langabeziak apur bat behera egin duen arren, pandemiaren ondorioz, enplegua ez da espero bezainbeste suspertu. Zerbitzuen sektorea (ostalaritza eta merkataritza) izan da kaltetuena, Eustatek ostiral honetan argitaratutako datuetan azpimarratu duenez.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, langabezia tasa 0,3 puntu txikitu da lehen hiruhilekoan, aurreko urteko azkenarekin alderatuta, eta %11,1ekoa da gaur egun. Epe horretan 105.700 langabe egon dira; hau da, 3.900 gutxiago.
Lurraldeka, %1,4 egin du gora Araban, eta %11,8koa da, baina Bizkaian %0,7 txikitu da (% 12,1), eta Gipuzkoan, %0,3 ( %9,2).
Langabezia %0,8 jaitsi da gizonen artean, eta tasa %10,9an geratu da, baina emakumeen artean %0,3 handitu da, eta %11,3koa da langabezia. Langabezian dagoen lau langiletik batek 16-24 urte ditu; adin tarte horretan handitu da gehien langabezia.
Ikasketa maila kontuan hartuz gero, bigarren hezkuntza eta erdi mailako hezkuntza duten pertsonen artean jaitsi da gehien langabezia (-%0,8). Lehen mailako ikasketak dituztenen artean ere, behera egin du (-% 0,1), baina % 0,1 handitu da goi mailako prestakuntza dutenen artean.
Langile gutxiago
Langabeziak behera egin duen arren, biztanleria landuna ere %0,5 jaitsi da urte hasieran: 929.200 pertsona daude egoera horretan, aurreko hiruhilekoan baino 4.400 gutxiago. Industrian eta eraikuntzan lanean ari direnen kopuruak gora egin du, baina horrek ez du orekatu zerbitzuen sektorean eta lehen sektorean izandako beherakada.
Biztanleria landunaren eta langabeziaren bilakaeraren ondorioz, jarduera tasa %56koa da, 2020ko azken hiruhilekoan baino %0,3 txikiagoa.
Era berean, 31.800 pertsona daude oraindik aldi baterako erregulazioan; horietatik 3.400 daude Araban, 16.200 Bizkaian, eta 12.100 Gipuzkoan. Iazko maiatzean egon ziren langile gehien egoera horretan: 161.445, hiru lurraldeetan. Ordutik txikituz joan da kopurua, baina mantso. Iazko urrian 48.820 zueden.