Carlos Agirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak 2012ko aurrekontuen proiektua aurkeztu du gaur, Eusko Legebiltzarreko Ekonomia Batzordean, eta esan du helburu nagusia enpleguaren sorrera sustatzea izango dela, "langabeziak gizartean eragiten duen berebiziko arazoa murrizteko".
Ekonomia sailburuak adierazi du aurrekontu horiek "egoera zail baterako" diseinatu dituztela, "laugarren urtez baikaude krisi ekonomiko orokorrean". Hori dela eta, 2012ko kontuen lehentasuna euskal ekonomiaren hazkunde erritmoa sendotzea eta bizkortzen laguntzea da, Agirreren arabera.
"Krisi ekonomikoaren ondorio negatiboak gehien pairatzen dabiltzan pertsonak albo batera ez uztea" da Jaurlaritzaren xedea, eta, ondorioz, gizarte gastua lehentasun izan nahi du. "Gure ongizatearen estatuaren iraunkortasuna lortu nahi da, eta horretarako ezinbestekoa da gizarte babesteko gaur egungo erakundeak etengabe erreformatu eta modernizatzea, orain eraginkorragoak izan daitezen eta etorkizunean manten daitezen".
Agirrek ohartarazi du "ezinbestekoa" dela diru sarrera publikoak handitzea. "Krisiaren kargak zuzen banatu nahi baldin badira herritarren artean, diru sarreretan ere jardun beharko da; batez ere, zergaren ihesean".