Fagor Etxetresnen lantegitik hasi eta Mondragon taldearen egoitza nagusiraino, txaloka egin dute ibilbide guztia, inongo oihurik gabe. Jendetza elkartu da kooperatibako kontseilu sozialak antolatutako manifestazioan. Amaieran lau eskaera nagusi egin dituzte: zuzeneko nahiz zeharkako enpleguarekiko konpromisoa; pilatutako zorrari konponbidea aurkitzea; bazkideek Fagorreko bazkide izaten jarraitu ahal izatea; eta bideragarritasun plan zehatzagoa,
Hartzekodunen konkurtsoaren aurreko egoeran sartu izanak 1.700 langileri eragiten die, eta jendearen artean ere era guztietako kezkak agertu dira. "Ni orain langabezian nago, behin behineko kontratuekin aritu izan nahi Fagor Etxetresnetan. Hainbeste birkokapen egin behar badira, gure egoera asko zailduko da", zioen gazte batek. Basauritik, Edesaren lantegitik, hiru autobus bertaratu dira Arrasatera. "Gu ere kooperatibistak gara, baina Gizarte Segurantzan kotizatzen dugu. Beldur gara birkokapenetan Mondragonek Lagun Aroko mutualista direnei emango ote dien lehentsasuna", adierazi du beste emakume batek.
Lanaz gain, galdu dezaketen diruaz ere kezka nagusi. Langile askok eta askok egin zituzten borondatezko ekarpenak kooperatibara. "Esaten ziguten nahi izanez gerodiru hori segituan errekuperatuko genuela, soldata baino lehenago. Orain, ordea, eskatu eta ez digute ematen", kontatu du emakume batek. "Nik bi urte daramatzat zain, 51.000 euro zor dizkidate", berretsi du beste batek ondotik. Hainbaten arabera, 40 milioi euroko borondatezko ekarpenak egin dira.