Enplegua defenda dezagun lelopean, milaka lagun atera dira kalera gaur Bilbon eta Iruñean, Langile Batzordeak Borrokan sareak deituta. Bizkaiko hiriburuan 17:30 aldera hasi da protesta, Jesusen Bihotzetik; Nafarroako hiriburuan, berriz, 18:00etan, autobusen geltokitik.
Batzordeetako ordezkariak gustura agertu dira deialdiak izan duen harrerarekin; 300 enpresa batzordek baino gehiagok bat egin dute, eta milaka herritarrek. Itxaso Viñezek hitz egin du batzordeen izenean: "Hemen gauden guztiek dakigu enplegua suntsitzea gizarte arazo bat dela; uste dugu Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kontuan izan behar dutela gizartea euren politikei ezetz esaten ari dela".
Viñezek nabarmendu du bihartik aurrera "indarrak berrituta" itzuliko direla lanera. Bilbon Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak azaldu du enpleguaren alde egiten ari den borroka bakarra enpresetan egiten ari direna dela. Harekin batera izan dira beste hainbat sindikatutako ordezkariak ere: UGT-Euskadiko Damaso Casado eta Euskadiko CCOOko Unai Sordo, esaterako.
Agoitzaldeko etorkizunaren aldeko Agoitzaldea Bizirik plataformak sustatuta, Agoitzeko herritar batzuk oinez joan dira Iruñeko manifestaziora. Langileen martxa 17:00 aldera iritsi da Atarrabiako udaletxeko plazara, eta handik Iruñeko autobus geltokira joan dira.
Enplegua defendatu eta lan gatazka kalera ateratzeko asmoz, Euskal Herriko hemeretzi lentegitako langile batzordeek bat egitea erabaki zuten joan den otsailaren 6an. ELA, LAB, UGT, CCOO, ESK eta CGT sindikatuetako beharginak zein langile independenteak daude langileen batzordeen arteko sare horren atzean.