Krisia. Langabezia

Enpleguaren galerak goia jo du urtearen hasieran

Hiru hilabetean 39.400 lanpostu galdu dira, krisia hasi zenetik hiruhileko bakar batean galdu den gehien

Donostia
2012ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Iazko azken hiruhilekotik aurtengo lehenengora 39.400 lanpostu galdu dira Hego Euskal Herrian, krisia hasi zenetik hiruhileko bakar batean orain arte ez da hainbeste galdu. Eta, noski, horrenbeste lanpostu galduta, langabeen kopuruak ere gora egin du. Iazko azken hiruhilekoan baino 14.500 langabe gehiago daude (%8,2), eta duela urtebete baino 28.000 gehiago (%17,6). Hala, bada, jadanik 190.500 lagun daude lanik gabe, eta langabezia tasak %14ko muga gainditu du; %14,20koa da, zehazki. INE Espainiako Estatistika Erakundeak atzo eman zituen populazio aktiboari buruzko datuak.

Datuok ekonomiaren bilakaera txarra baieztatzen dute. Iazko hirugarren hiruhilekoan, ekonomiaren hazkundea moteltzen hasi zenean, langabeziaren hazkundea berriz indartzen hasi zen. Eta, orain, ekonomia atzeraldian sartu denean, nabarmen bizkortu da lanpostu galera.

INEren inkestak utzi du beste datu deigarririk, esate baterako, herrialde batetik besterako aldea. Bizkaian eta Gipuzkoan langabeen kopuruak apenas izan duen igoerarik; aldiz, Nafarroan eta Araban, igoera oso handia izan da. Bizkaian, iazko azkenengoan baino ehun lagun gehiago baino ez daude lanik gabe (+%0,1) eta Gipuzkoan 800 gehiago (%2,2). Nafarroan, ostera, iazko azken hiruhilekoan baino 7.800 langabe gehiago daudela dio INEren populazio aktiboaren inkestak, %18 gehiago. Eta Araban igoera are handiagoa erakusten dute datuek,hiruhileko batetik bestera %33koa, 6.000 langabe gehiagorekin. Horiek hala, Araban %14,99koa da langabezia tasa; Bizkaian, %14,77koa; Gipuzkoan, %10,93koa, eta Nafarroan, %16,34koa.

Eustatek iragan astean argitaratu zituen datuek joera bera erakusten dute, lanpostu galera bizkortu egin dela. Baina, betiko moduan, bi inkesta etxeek kaleratutako datuen artean bada alderik. INEk dio Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 31.200 enplegu galdu direla eta iazko azken hiruhilekoan baino 6.700 langabe gehiago daudela; Eustatek, aldiz, 16.400 enplegu galdu direla eta 16.500 langabe gehiago daudela.

Espainiako Estatistika Erakundeak emandako datuetan, 2008ko amaiera arte emakume gehiago zeuden lanik gabe gizonak baino. Azken hiruhilekoetan, baina, kopuruak parekatzera egin du, iazko azken hiruhilekoan emakumeen langabezia tasak gizonena gainditu zuen arte. Urtearen hasieran joera berria indartu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.