Enplegua, eros ahalmena eta erretreten babeserako astearte goizean Baionan eginen den manifestaziora deitu dute CFDT, CGT, FO, UNSA eta Solidaires sindikatuek. Izan sektore pribatuko langile, funtzionario, erretretadun, langabe, «denek elkarturik» mobilizatzeko beharra azpimarratu dute. «Aldarrikapenak azkarki entzunarazteko eta interes komunak defenditzeko» bateratzea beharrezkoa dela diote sindikatuek.
Otsailaren 15ean FrantziakoGobernuaren, patronalaren eta langileen sindikatuen artean egin bileran ez adosturik, martxoaren 23ko mobilizazio eguna finkatu zuten sindikatuek.
Azken aste hauetan aipaturiko Sagem eta Salinesen gisako enpresen zailtasun ekonomikoak adibidetzat hartuta, krisi garaian langileek pairatu behar duten prekarietatea eta langabezia salatu nahi dituzte protesta egunean. Horrez gain, Frantziako Gobernuak iragarri dituen funtzio publikoko «hamar milaka postu kentzeak» ere gaitzetsiko dituzte.
Eros ahalmena handitzeko aldarrikapena ere entzunaraziko dute Baionako karriketan. Enpresa pribatuetan dauden negoziaketek «langileek espero dutena baino askoz gutxiago» eman dutela salatu dute sindikatuek. Funtzionarioen eskakizunei dagokienez, Parisko gobernuak inolako proposiziorik ez duela egin azpimarratuko dute mobilizazio egunean.
Enplegu sortzeak eta eros ahalmenaren emendioak erretreta kutxen egoeraren hobetzea dakarrela esplikatuta, hiru eskakizun horiek «erabat loturik» daudela diote. Horregatik, erretretarako adinaren atzeratzearen eta kotizazio epea luzatzearen aurka dira sindikatuak. Erretreta sistemaren berrantolaketaz negoziaketak apirilean hasiko direla jakinarazi berri du Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak.
Enpleguen babesa eskatuko dute astearte honetan Baionan
Sindikatuek diote langileen, langabeen eta erretretadunen eskakizunen bateratzea beharrezkoa dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu