Enpleguko pentsio osagarriei tratu fiskala hobetu nahi die Jaurlaritzak

Gizarte Aurreikuspenerako Erakundeen erreforma eraginkorra izan dadin, kenkariak egokitzea ezinbestekotzat jo du AgirrekBanakako planetan posible izango da hamar urte igarota dirua erreskatatzea, orain bezala

Erretiroan geratzen den pentsioa osatzea da gizarte aurreikuspenaren helburua. LANDER FERNANDEZ ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2011ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Borondatezko pentsio osagarriak bultzatu nahi ditu orain Patxi Lopezen gobernuak. Horretarako lehen urratsa egin zuen atzo Eusko Jaurlaritzak, Borondatezko Gizarte Aurreikuspenerako Erakundeak (BGAE) erreformatzeko lege-proiektua Gobernu Kontseiluan onartuta. Udazkenean lege moldaketak tramitea abiatuko du Eusko Legebiltzarrean. Haatik, aldaketa benetan eraginkorra izan dadin ez da nahikoa izango, eta BGAEk duten tratu fiskala egokitzea ezinbestekoa izango dela onartu zuen atzo Carlos Agirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak. Eta zerga arloko eskumena ez dago Jaurlaritzan, foru aldundietan baizik.

Ez da Jaurlaritzak pentsio sistema osagarriak sustatzeko egingo duen lehen ahalegina. Orain dela bost urte Borondatezko Gizarte Aurreikuspenerako Erakundeak sortzeko laguntzak jarri zituen martxan Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak, Joseba Azkarragaren ardurapean. Garai horretan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako populazio okupatuaren %27 zen enpleguko BGAE bateko bazkide eta onuradun. Agirrek atzo emandako datuen arabera, gaur egun 422.000 langile inguruk dituzte, okupatuen %44k. Azkarragaren garaian helburua hamar langiletik zazpi izatea zen 2013 urterako.

Borondatezko gizarte aurreikuspena nabarmen garatu da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Jaurlaritzak esparrua arautzeko dituen eskumen esklusiboei esker. Gaur egun, ia 200 erakunde daude, era guztietako planak aintzat hartuta. Guztira, 1,2 milioi bazkide eta 19.258 milioi euroko ondarea kudeatzen dute, BPGaren %30 inguru. BGAE handienen artean Geroa dago, Gipuzkoako metalgintza arloko langileak biltzen dituena, edo Itzarri, gobernuko funtzionarioek osatutakoa.

Pentsio osagarrien aldeko ekimenak mesfidantzaz ikusi izan dituzte euskal sindikatuek, sistema publikoa alde batera uzteko eta ahultzeko arriskua sumatzen dutelako. Bazkideek egiten dituztenen ekarpenen tratu fiskalak ere eztabaida ugari sortu ditu. 2008 urtean ekarpenei lotutako kenkariek 421 milioi euroko gastu fiskala eragin zieten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunei. Gastuaren atal nagusia da, ohiko etxebizitzan egindako inbertsioaren gainetik (415 milioi).

Aldundien esperoan

Gizarte aurreikuspenean bi motako erakundeak dira nagusi. Alde batetik, banakako planak daude. Pertsona orok egin ditzake, eta gehienetan finantza erakundeen bidez kontratatzen dira. Bestetik, enpleguko BGAEak eratu dira. Enpresaburuek eta langileek negoziazio kolektiboaren baitan hitzartutako ekimenak dira. Nominaren edo soldata hazkundearen parte bat pentsio osagarrira bideratu ohi da.

Jaurlaritzak enpleguari lotutako pentsio osagarriei lehentasuna eman nahi die. Hori lortzeko tratu fiskal ezberdina izan behar dutela uste du Agirre sailburuak. Lege-proiektua honezkero aurkeztu zaie foru aldundiei, eta hitz egiteko prest daudela ziurtatu zuen. «Alderdi edo erakunde gisa besteen aldean enpleguari lotutako gizarte aurreikuspenak lehentasuna izatearekin ados egonda, aldaketak bideratuko dira». Azkarraga sailburu zen garaian ere beste esparru fiskal bat lortzeko saioa iragarri zen, baina ez zen aldaketarik egon.

«BGAEak sortu zirenerako erabiltzea nahi dugu. Alegia, pentsioen osagarria izateko, beharrezkoa denean», azaldu zuen Agirrek. Banakako planak dira hedatuenak — 733.000 bazkide dituzte — baina ez dute helburu hori betetzen. «Aurrezkia bultzatzeko formula egokia izan dira, baina enplegukoek hobeto erantzuten diote asmoari», sailburuaren hitzetan.

Gaur egun, tratu fiskal bera dute batzuk eta besteek. Urtero 8.000 euro arteko ekarpen bat errenta aitorpenetik desgrabatzeko aukera dute bazkideek. 52 urte baino gehiago dituztenei urtero 1.250 euro gehiago sartzeko aukera eskaintzen zaie.

Erreskatean aldaketarik ez

Banakako planen arrakastak badu beste azalpen bat. Hamar urteren buruan posible da sartutako diru guztia jasotzea, baldintzarik gabe. Bitartean, sartutako diruarekin desgrabazioa egin ahal izan da. Erreskatearen aukera horrek indarrean jarraituko du aurrerantzean ere.

Enpleguko pentsio osagarriei dagokienez, erakunde bakoitzak arautu izan du aukera hori eman edo ez. Jaurlaritzak onartu duen lege erreforman «lehentasunezko» izendatzeko aukera izango dute enpleguko BGAEk. Horietan ez da posible izango sartutako dirua aldez aurretik erreskatatzea. Erretiroan ez ezik, osagarria erabili ahal izango da dependentzia, elbarritasun, langabezia eta gaixotasun larriak daudenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.