Ekonomia

Enplegurako elkartasun funtsa sortuko du Jaurlaritzak

Gazteen arteko langabeziari eta iraupen luzekoari aurre egitea du helburu Jaurlaritzaren planak.

Berria.info
2013ko martxoaren 18a
13:25
Entzun

Ez ohiko sarreretatik edota ohiko gastu eta transferentzietatik aurreztutako diruarekin enplegurako elkartasun funtsa sortuko du Eusko Jaurlaritzak. Aurten, 35 milioi euro emateko konpromisoa hartu du. Horietatik 14 milioi enpresetara bideratuko dira, pizgarrien bidez aspalditik langabezian dauden pertsonak kontratatu ditzaten; beste 10,5 milioi izango dira tokiko eta eskualdeko planen barruan aspalditik langabezian dauden pertsonak kontratatzeko; eta gainerako 10,5 milioiak Lehen Urratsa programan erabiliko dira, gazteek lehen lan esperientzia izan dezaten. Eusko Jaurlaritzak prestatutako 2013-2016 Enplegua Sustatzeko Programan ageri den neurrietako bat da elkartasun funtsaren sorrera.

Iñigo Urkullu lehendakariak, Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Politiketarako sailburuarekin eta Arantza Tapia Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun sailburuarekin batera egin du programaren aurkezpena. 2016ra bitartean 44.000 enplegu sustatzeko eta 112.000 lanposturi eusteko balio izatea aurreikusten dute. Halaber, 22.000 gazteri lehen lan esperientzia eman nahi die.

Hain zuzen, gazteei arreta berezia eskainiko die programak. Besteak beste, gazte ekintzaileentzako bekak eta Junior kooperatiba programa jarriko ditu martxan. Ekintzailetasuna sustatzea da beste helburuetako bat, batez ere oinarri teknologikodunak eta enplegua sortzeko gaitasuna duten proiektuenak. Horretarako mikrokredituak bultzatuko ditu. Langileen nahiz langabeen prestakuntza gehitzea eta Renove plan bat martxan jartzea dira Jaurlaritzaren beste ekimenetako batzuk.

Enpresa txiki eta ertainek finantziazioa lortzeko dituzten zailtasunek ere eragiten diote kezka Jaurlaritzari. Hala, zirkulatzailea finantzatzeko 600 milioi euroko funtsa sortuko duela iragarri du. Bihar emango ditu hari buruzko argibideak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.