I+G

Enpresa ertainak, handiak baino berritzaileagoak, lehen aldiz

Innobasqueren inkestaren arabera, enpresen %83k uste dute I+G inbertsioak handituko dituztela datozen bost urteetan

jarraia153262.jpg
Jon Fernandez.
2018ko ekainaren 13a
12:44
Entzun

Berrikuntzaren Eguna ari da ospatzen Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentzia, gaur, Donostiako Kursaal jauregian. Topaketan 600 enpresak baino gehiagok parte hartuko dute, eta enpresa txiki eta ertainen (ETE) berrikuntza sustatzea eta indartzea du ardatz.

Manu Salaberria Innobasqueko presidenteak berrikuntzaren 2018ko txostena aurkeztu du goizean, eta esan du ETEk enpresa handiek baino pisu handiagoa izan dutela berrikuntzan egindako inbertsioetan, lehenengo aldiz. 50 eta 250 langile bitarteko enpresak dira ETEak, eta 250 langiletik gorakoak enpresa handiak. Zehazki, enpresa ertainek I+G arloko inbertsioen %35 pilatu zituzten 2016an —ordukoak dira Innobasqueren azken datuak—, eta enpresa handiek %34.

Zergatik gertatu den hori? Leire Bilbaok eman du erantzuna, Innobasqueko zuzendari nagusiak: "I+G arloan inbertitzen duten enpresa handien kopurua esanguratsua zen, baina krisiak murriztu egin du enpresa handien kopurua". Hau da, enpresa handi gutxiago daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta horregatik bilakatu dira berritzaileagoak, proportzioan, enpresa ertainak.

Dena dela, Salaberriak azpimarratu du "ahuleziak" dauzkatela oraindik ere ETEek berrikuntzari dagokionean, EB Europako Batasuneko beste eskualde batzuekin alderatuta. Nagusiki, bi arlotan dira ahulak. Batetik, berrikuntza gutxi egin dute enpresaren antolaketan eta produktuaren merkaturatzean edo marketinean. "Zehatz-mehatz esanda, Europako enpresen %35,9k egin zuten era horretako berrikuntzaren bat 2012 eta 2014 bitartean; aldiz, Euskadiko enpresen %21,5ek baino ez zuen egin".

Edonola ere, Innobasqueko buruek azaldu dute txikitzen ari dela bertoko eta EBko berrikuntza mailaren arteko tartea. Horren adibide, Bilbaok azaldu du 2016an inbertsioak handitu egin zirela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, lehen aldiz 2012tik. I+Gren inbertsio publiko eta pribatuen baturak 2012an jo zuen goia Euskal Herrian, EBko batez bestekoa ere gaindituz: BPGaren %2,09 (EBn, %2,01), Gaindegiaren arabera. Baina harrezkero ehunekoa apalduz joan da. Azken datu osatua 2015ekoa da: urte hartan, Euskal Herriko barne produktu gordinaren %1,81 hartu zuen I+Gan egindako inbertsioak (%2,04 zen EBn).

Innobasqueren txostenak beste lau puntu ere nabarmendu ditu. Susperraldi ekonomikoan egon arren, EAEko berrikuntza inbertsioa EBkoa baino txikiagoa da BPGari dagokionez. 2016an enpresen I+G gastua %1,03koa izan zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta, EBn, aldiz, %1,32koa. Era berean, ohartarazi du nazioarteko berrikuntzako inbertsio publikoek goia jo dutela: 2015ean 85 milioi eurora iritsi zen nazioarteko I+G inbertsioa, eta 2016an behera egin zuen, 82 milioi eurora. Hala ere, Innobasquek uste du, EAEko inbertsio sistemaren eraginkortasuna handitu egin dela, nahiz eta berrikuntzako inbertsioak gutxitu krisia hasi zenetik. Halaber, gaineratu du berrikuntza arloko langileen prestakuntza hobea dela, eta emakumeen presentzia handiagoa: I+G arloko langileen %22 doktoreak dira, eta %36 emakumeak.

Urteko batzarra

Berrikuntza Egunaren amaieran, gaur goizean, Innobasquek urteko batzarra egingo du, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzkao lehendakariak zuzenduta. Innobasqueko ohorezko presidentea da Urkullu. Batzarrean Innobasqueren 2020ko plan estrategikoa aurkeztuko dute. Planaren helburu nagusia, Salaberriaren esanetan, "berrikuntzari beste bultzada bat ematea eta ekintza ETEetan, berrikuntza teknolgikoan eta ez teknologikoetan ardaztea izango da".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.