Iker Galparsoro. Goieki garapen agentziako zuzendaria

«Enpresa handien ezagutza txikietara hedatzea da helburua»

Goierriko enpresek mugikortasun eta energia arloan duten jakintzaren berri emateko kongresua egingo dute gaur eta bihar, Beasaingo Igartzan.

IÑAKI GURRUTXAGA / GOIERRIKO HITZA.
Irune Lasa.
2019ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Mubizing kongresua Goierri Valley elkarteak antolatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean. Gaurko saioan, CAF, Irizar, Garabi, Orkli eta beste enpresa batzuek azalduko dute beren konpainiek zer-nolako ekarpena egin dioten azken kontsumitzaileari. Bihar, berriz, talentuaren egoera Goierrin izango dute mintzagai nagusia.

Goierri Valleyk edozein publikorentzat egiten duen lehen ekitaldia da Mubizing kongresua. Azalduko didazu lehendabizi zer den Goierri Valley?

Bai, jende askok ez du ezagutuko eta. Orain bi urte eta erdi sortu genuen elkartea, Goierriko enpresa industrial handiekin eta haiei zerbitzua ematen dieten enpresekin. Hasieran 33 enpresa ziren, eta gaur egun jada 68 dira. Goieki garapen agentzian hainbat lan ildo genituen elkarlanerako, eskualdeko enpresa traktoreekin eta txikiekin, eta iritsi zen garaia zeinetan pentsatu genuen elkarlan horri beste egitura bat eman behar geniola. Gogoeta baten ostean, 2016an enpresa elkartea sortzea erabaki genuen, kudeaketa plan bat egin, urtero ekintza desberdinak antolatu... Goiekik egiten du horren guztiaren kudeaketa.

Bitarte honetan lanean ibili zarete Goierri Valleyn, adibidez, sektorekako azterketak egiten.

Bi urte pasatu ditugu batez ere gure arteko elkarlan sare hori sendotzen. Elkar ezagutzeko denbora behar izan dugu, azkenean konfiantza ere irabazi egin behar delako, elkarrekin lan eginez, proiektuak eginez. Horien artean energia sektorearen eta mugikortasun sektorearen balio kateak aztertzea izan dira lanetako bi; aztertu dugu enpresa bakoitza non dagoen kokatuta kate horietan, eta nola sor daitezkeen proiektu berriak kateko enpresa batzuen eta besteen artean, elkarlanean.

Horiei buruz hitz egingo duzue gaur eta bihar, Mubizing kongresuan. Energiaren alorrean zein ezaugarri ditu Goierrik?

Enpresa traktore handiak ditugu, bai, baina askotan txikiak ahazten ditugu. Indar, Hine, Orkli, Ampo ditugu, eta haientzako lanean ari diren beste 40-50 enpresa txiki ere bai. Handiak munduan zehar dabiltza; gainera, asko liderrak dira, eta askotan haien ikuspegia oso zabala da. Gure helburua da enpresa txikietara ere iristea ikuspegi zabal hori, ezagutza eta informazio hori guztia, proiektu desberdinen bitartez,

Mugikortasunean ere enpresa handiak dituzue eskualdean.

CAF eta Irizar, bai, erreferentzia direnak mugikortasunean. Hor, eta batez ere elektromugikortasunean, gauza asko garatzen ari dira, aukera asko sortzen ari dira merkatuan, eta guk nahi dugu aukera horiek enpresa txikietara eta ertainetara ere zabaltzea. Hor dituzten aukerak ikus ditzatela, dela dibertsifikazioaren bidetik, dela etorkizunerako garapen hautu baten moduan. Kongresua prestatzen hasteko, jada bi jardunaldi egin ditugu eskualdeko enpresen artean, eta hizlari aritu dira Irizar Mobilityko industria arduraduna, eta CAF Solariseko arduraduna.

Goiekiko arduradun zaren aldetik, zein izan ohi da zure mezua enpresa handientzat eta txikiagoentzat? Zer esaten diezu ?

Ez da erraza... Nire ustez, gakoa da enpresa horietan dauden pertsonak identifikatzea. Azkenean, guk Goierri eskualdearen garapena nahi dugu, eta enpresa horietan guztietan daude goierritarrak. Bai, bakoitzak bere enpresaren garapena nahi du, baina hemengoak izanda, hemen bizita, saiatu behar dugu guztion artean Goierri hobe bat egiten, goierritar guztientzat etorkizunerako aukerak sortzen. Eta, egia esan, erantzuna oso ona izaten ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.