Enpresa kotizatuek ezingo dute akziodun handien botoa mugatu

Iberdrolak eta beste enpresek urtebete izango dute beren estatutuak araudi berrira egokitzeko

Erredakzioa
2010eko apirilaren 7a
00:00
Entzun
ACSk Iberdrolan ordezkaritza handitzeko bultzada eman zion atzo Espainiako Kongresuak. Florentino zuzenketa izena jaso duen emandakinak aurrera egin zuen, PSOEren eta CiUren botoekin, eta, horren ondorioz, burtsan kotizatzen duten enpresek aurrerantzean ezingo diote akziodun handien botoari mugarik jarri. EAJk oso gogor salatu du zuzenketa; haren iritziz, Iberdrolaren eta Petronorren egoitza Euskal Herritik ateratzeko aukerak handitzen baititu.

CiUren botoa lortu ahal izateko, PSOEk onartu egin zuen bi aldaketa egitea. Batetik, familia enpresak babesteko, legea burtsan kotizatzen duten konpainiei baizik ezingo zaie ezarri. Bestetik,gaur egun botoa mugatzen duten enpresek -Iberdrola barne- urtebete izango dute beren estatutuak moldatzeko.

Aldaketa horrek ez zuen EAJren aurkako botoa aldarazi. Pedro Aspiazu diputatu jeltzaleak ukatu egin zuen Europako beste herrialdetan halakoak egin izan direla -Italian soilik aldatu da legea-, eta Europako Batasunak gaiari buruzko irizpiderik ez duela ziurtatu zuen.

Aspiazuren iritziz, PSOEren proposamena «Euskadiri egindako eraso larria da, eta agian eragin egin die [Iberdrolaren eta Petronorren] hornitzaile diren hainbat euskal enpresari». Zuzenketaren arrazoiak ere susmagarri iruditu zaizkie jeltzaleei: «Zer interes defendatzen dute? Euskadirenak ez, behintzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.