EH BIlduko legebiltzarkide Xabier Isasik egindako galderari erantzutean jakinarazi du Urkullu lehendakariak asteartean onartuko duela Jaurlaritzak enpresa txiki eta ertainentzako finantzaketa funtsa. Funts horretan BGAE ekarpenen erakundeak sartzeko aukera Confebaskek jarri zuen mahai gainean estreinakoz, eta lehendakariarekin batzartu ondoren, Miguel Angel Lujua presidenteak ideia "erosi" egin zietela adierazi zuen.
BGAE erakundeek 19.000 milioi euro kudeatzen dituzte —EAEko BPGaren %30 litzateke kopuru hori—. Ekarpenen erakundeak euren borondatez funtsean sartuko balira, haien %10 besterik ez, funtsak 2.000 milioi euro izango lukeela kalkulatu dute Jaurlaritzan. "Konpromisoa" beteko dutela eta "ahal dituzten iturri ekonomiko guztiak" bilatuko dituztela esan du Urkulluk, enpresa txikiek eta ertainek "kreditua eta likidezia" izan dezaten. "Urteko lehen hiruhilekoan egingo genuela esan genuen, eta bete egingo dugu hitza. Enpresei erantzun zuzena emango diegu".
Funtsari buruz esan du "diru nahikoa eta berme guztiak" izango dituela eta Eusko Jaurlaritzak finantza erakundeekin eta Elkargi eta Oinarrirekin lotutako akordioari esker jarriko dela martxan. BGAE ekarpenen erakundeek funtsean parte hartzeko aukera badutela esan du, "hala erabakitzen badute". Erakunde hauek, ordea, ez dute erantzunik eman oraindik. "Erantzuna eman bitartean, finantzaketak aurrera egingo du".