Enpresa txikiei finantzaketa lortzea errazteko bermeak emango dizkie Jaurlaritzak

500 milioi euro arteko mailegu ildoa martxan jartzea hitzartu du Ibarretxeren gobernuak EAEko lau kutxa nagusiekin

Ivan Santamaria.
2008ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Enpresa txiki eta ertainei nahiz autonomoei likidezia eta dirua prezio onean eskura jartzea da lehentasuna. Finantza krisiaren ondorioz kreditu merkatuak izoztu dira, eta, kontu osasuntsuak izan arren, finantzaketa eskuratzeko arazoak dituzten enpresei bidea errazteko 500 milioi euro arteko mailegu ildoa irekitzea onartu zuen Eusko Jaurlaritzak atzo, 2008 urteko azken Gobernu Kontseiluan.

500 milioi horiek merkatura iritsi ahal izateko akordioa itxi du gobernuak Euskadiko Kutxa, BBK, Kutxa eta Vital Kutxarekin. Hitzarmen horren arabera, 500 milioi horiek Jaurlaritzaren bermea izango dute, Oinarri eta Elkargi elkarrekiko berme elkarteen bidez. Ordaindu gabeko balizko kopuruei aurre egiteko, 100 milioi euroko poltsa gordeko du gobernuak, halaber. Hots, kutxek ematen dituzten bost eurotatik bat ziurtatuko du gutxienez administrazioak, hasieratik.

Sistema berehala egongo da autonomoek eta enpresek erabiltzeko moduan. Etzi, dekretuarekin batera, aurkeztu beharreko dokumentazioa prest egongo da. Hori bai, kutxen mailegua lortzeko lehenik eta behin Oinarriren edo Elkargiren oniritzia eskuratu beharko dute. Bi elkarte horiek eskaerak banan-banan aztertuko dituzte, eta Jaurlaritzaren bermea nori eman eta nori ez erabakitzeko autonomia izango dute.

Enpresek 600.000 euro arteko maileguak eskuratu ahalko dituzte programa horri esker. Autonomoen kasuan, 200.000 euro izango dira. Jaurlaritzaren bermeak baldintza erakargarriak lortu ditu: interes tasa euriborra gehi %0,6 izango da. Amortizatzeko epea urtebete eta hiru urte artekoa izango da. Bermearen truke, berriz, urtero %0,5 ordaindu beharko dute.

Salbamendurik ez

Finantzaketa ildo berriek gobernuaren bermea dutenez, deialdi irekiak egingo dira horiek eskuratzeko. Lehen deialdia urtarrilean argitaratuko da, eta enpresa txiki eta ertainentzat 120 milioi euro izango ditu; autonomoei kopuru horren erdia, 60 milioi, zuzenduko zaizkie.

Jaurlaritzak argi adierazi du neurri horien helburua ez dela porrot egiteko zorian dauden enpresei laguntzea. Ezta krisiaren eragina gogor pairatzen ari diren sektore jakin batzuei begira prestatutako salbamendu paketea ere ez. Aldiz, nahiz eta bideragarriak izan, epe laburrean diru beharra dutenei ihesbide bat emateko pentsatu dira.

Neurriak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egitura ekonomiko gehien-gehienei eragiten die, kontuan izanik enpresen %90ek hamar langile baino gutxiago dituztela. Bestalde, gaur egun langile autonomoak 120.000 inguru dira.

Confebask patronalak 500 milioiko kreditu ildoa txalotu zuen, eta ahalik eta lasterren neurria abiatzea espero du, denbora «faktore erabakigarria» delako.



Berrikuntza Funtsak hogei milioi euro banatu ditu laguntzetan

Ikerkuntzako 12 proiekturen artean banatuko da dirua; guztira, inbertsioa 70 milioi izango da
I. S. Gasteiz

Eusko Jaurlaritzak berrikuntza eta ikerkuntza bultzatzeko eratu duen sareak lehen fruituak ematen hasi da. Hala, Berrikuntza Funtsaren lehen deialdiko dirulaguntzak nola banatu diren ezagutarazi zuen atzo Juan Jose Ibarretxe lehendakariak, urteko azken Gobernu Kontseiluaren ondotik egindako agerraldian.

Guztira, lehen deialdi horretan hogei milioi euro banatu ditu funtsak. Hamabi proiektu izango dira onuradunak, ia sektore guztietakoak, eta Jaurlaritzak izaera «estrategikoa» aitortzen die. Garraioa, energia alternatiboak, nanoteknologia, medikuntza, edo altzarigintzarekin zerikusia dute. Guztiak zenbait enpresen artean lankidetzan eginiko ekimenak dira, gainera, eta 70 milioi euroko inbertsioa dute, guztira.

Laguntzarik handiena -3,8 milioi euro baino gehiago - Biomics proiektuak eskuratuko du. Bizkaiko Progenika Biopharme enpresak zuzentzen duen ekimena da, eta diagnostiko klinikoa hobetzeko helburua du. CAF, Maier, Ikusi, Ulma edo Danona enpresa eta kooperatibak ere badaude funtsetik dirua eskuratuko duten proiektuen atzetik.

Proiektu estrategikoetarako bigarren laguntza programa esanguratsua da. Orain dela hilabete Ekonomia Sustatzeko Euskal Kontseiluak beste hamar proiekturen artean 31 milioi euro banatzea erabaki zuen. Ekimen horiei esker, 2.500 lanpostu sortuko zirela iragarri zuen Jaurlaritzak deialdi horren aurkezpenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.