Miguel Alberdi enpresaburua 2,5 milioi euroko kalte-ordaina ordaintzera zigortu du Gasteizko Merkataritza Arloko Lehen Auzitegiak. Epaileak ondorioztatu du Alberdik «nahita» eraman zituela porrotera Araban zituen hiru enpresak, eta horrek 72 langile kalean utzi zituen. Behargin gehienak Legutioko Mekanikalan Mondragon lantegian ari ziren.
Epaileak Mekanikalan enpresan izandako gatazka aztertu du. 2009 urtean enpresak 42 langileen nominak ordaintzeari utzi zion. Hamar hilabete dirua jaso gabe igaro zituzten, 2010eko martxoan ateak itxi zituen arte. Piezak mekanizatzen eta metalezko egiturak muntatzen zituen lantegiak.
Mekanikalan Lehiaketa Legearen menpe geratu zen, eta jabeak langile guztiak botatzeko erregulazio eskaera aurkeztu zion Lan Agintaritzari. Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak errefusatu zuen, baina Lehiaketa Legea tartean egonda, azken hitza auzitegiek zuten, eta enpresaburuak lantegia ixteko emandako arrazoiak ontzat jo zituzten epaileek.
Gatazkaren joanean Mekanikalaneko kontuak aztertzea eta Alberdik herrialdeko beste bi enpresekin zuen harremana eskatu zuten langileek auzitegietan. Kontularitzan iruzurra egiten ari zela susmatzen zuten, enpresaren porrota behartzeko. Garai horretan, gainera, enpresaburuak Araban zituen beste bi enpresak ere itxi zituen. Troqueleria Andartok 20 langile zituen, eta Terpeck Amortiguacionesek, hamar.
Isuna, handiagoa
Ebazpenaren arabera, Alberdik enpresaren kuadimen eza okertu zuen Lehiaketa Legearekin. Beste bi enpresetan egindako inbertsioen balioa puztu zuela uste du epaileak, eta horientzako egindako lanak ez zituen fakturatu. Hori dela eta, euren jarduerak beti galerak uzten zituen.
Lehiaketa Legea kudeatu zuten administratzaileek 845.000 euroko kalte-ordaina eskatu zuten. Haatik, epaileak isun nabarmen handiagoa ezarri nahi dio, enpresen aktiboen salmentari esker estaliko ez diren zorrak ere ordaindu ahal izateko.
CCOO sindikatuak emandako informazioaren arabera, enpresaren aktiboen enkantearekin 1,1 milioi euro lortu ziren, baina langileekin eta beste hartzekodunekin zuen zorra 3,5 milioi euro baino gehiagokoa zen. Hori dela eta, Alberdik 2,5 milioi inguruko kalte-ordaina ordaindu beharko du.
Ebazpenak, halaber, bi urterako ezgaitu du beste pertsonen ondasunak administratzeko edo industria konpainietan aritzeko. Edonola ere, enpresaburuak aukera du epaiaren aurkako helegitea jartzeko Arabako Justizia Auzitegian
Enpresak porrotera eramateagatik, 2,5 milioi euroko isuna
Legutioko Mekanikalan enpresaren jabeak diru arazoak «nahita» handitu zituela dio epailearen ebazpenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu