Bizikletan dabilen orok badaki erori egingo dela noizbait, eta kolpe lehor eta bat-batekorik ez hartzea dela hoberena. Bada, hala pentsatzen du Espainiako Gobernuak ere. Datozen hilabeteetarako aurreikusten diren kaleratzeen abiadura moteltzeko, erraztu egingo ditu aldi baterako erregulazioak, gutxienez ekain amaierara arte, eta zabalik utzi du epe hori luzazeko aukera, birusa berriz hedatuko balitz eta gobernuak jarduerak murriztu beharko balitu.
Hala, orain arte bezala eutsiko die egoera horretan dauden beharginen langabezia sariei eta enpresek haiengatik Gizarte Segurantzan egin behar dituzten kotizazioen salbuespenei, baina bigarren puntu hori portzentaje ezberdinekin arautuko du, lanera itzuli ahala, ezarritako lanaldien arabera, eta enpresen tamaina kontuan hartuz.
Langileen kasuan, berriz, legediak bermatuko du egoera horretan daudenek —egun, lautik bat dira Hego Euskal Herrian— ekainaren 30era arte jasotzea langabezia saria; orain bezala, gabealdirik gabe eta kontagailua hutsean jarrita; aldizkako langile finkoek, berriz, aparteko saria jasotzen jarraituko dute abenduaren 31ra arte.
Horrekin batera, gobernuak eutsi egin dio patronalak gustuko ez zuen neurri nagusiari. Langile bat lanera itzuli eta hurrengo sei hilabeteetan enpresak ezingo du kaleratu; hori eginez gero, bidegabetzat joko litzateke —kalte-ordaina handiagoa da—, eta enpresak itzuli egin beharko lituzke behargin horrengatik aurreztu dituen kotizazio guztiak.
Aldi baterakoak, arriskuan
Kaleratzeak zaildu arren, gobernuak, patronalaren presioen ondorioz, aukera hori malgutu zuen duela aste batzuk, eta dekretuan jaso du orain. Hala, ez da kaleratze bidegabe gisa hartuko aldi baterako kontratu batzuk etetea, lan horiek egiteko beharra eragin zituzten kausak amaitzen direnean.
Zehaztapen hori bereziki garrantzitsua da turismoan eta ostalaritzan, sektore horietan ohikoagoak direlako horrelako lan kontratuak; udan, bereziki. Enpresaburuek kezka agertu zuten euren negozioek datozen aste eta hilabeteetan izango duten bilakaeragatik, eta kontratu horiek eteteko baldintzak berrikusteko eskatu zuten. Aldi baterako lanaldietan baimentzeaz gain, orain hartzekodunen konkurtso arriskua duten enpresek ere egin ahal izango dituzte kaleratzeak.
Patronalek azkenean oniritzia eman diote dekretuari, baita CCOO eta UGT sindikatuek ere. Testuan, halaber, beste bi puntu sartu ditu gobernuak: egoitza nagusia paradisu fiskaletan duten taldeek ezingo dute erregulaziorik eskatu. Eta erregulazioan dauden enpresek debekatua izango dute urte fiskalean izandako irabazien dibidenduak banatzea, salbuespen batekin: Gizarte Segurantzako langileen kuoten murrizketen zatia itzultzen badute.
Aldaketak kotizazioetan
Negoziazioetako beste puntu nagusia izan da langileengatik Gizarte Segurantzan egin beharreko kotizazioei buruzkoa. Laguntza horiek enpresek enplegua mantentzeko hartutako konpromisoaren mende egongo dira. Horrekin lotuta, dekretuan jasota geratu da aurreko astean iragarritako neurri bat: aldi baterako erregulazioetatik modu mailakatuan atera ahal izango dituzte langileak, lan kargak kontuan hartuz.
Horiek hala, orain honela geratuko dira enpresen kotizazioak: lantalde osoan erregulazioan dauden 50 langile baino gutxiago dutenek ez dute ordainduko, eta %75eko deskontua izango dute 50 langile edo gehiago dituztenek.
Lantalde guztiarekin baina lanaldi murriztuarekin hasten diren 50 langile baino gutxiagoko enpresek maiatzeko kuoten %85 deskontatu ahal izango dute, eta ekainekoen %70; eta langile gehiago dituztenek maiatzekoen %60 eta ekainekoen %45. Langile batzuk erregulazioan mantentzen dituzten 50 behargin baino gutxiago enpresek, berriz, maiatzeko kuoten %60 deskontatu ahal izango dute, eta ekainekoen %45; eta 50tik gora langile dituztenek, maiatzekoen %45 eta ekainekoen %30.