Espainiako Gobernuak enpresaburuei uztailaren 31ra arteko epea eman die euren langile guztiak erregularizatzeko eta Gizarte Segurantzan alta emateko, gaur Valeriano Gomez Lan ministroak jakinarazi duenez. Abuztutik aurrera zigorrak bost aldiz handiagoak izango dira.
Gobernuaren erregularizazioaren eta ezkutuko enpleguaren kontrolerako planaren neurrietako bat da hori. Ministroen Kontseiluak gaur onartu du.
Espainiako Ogasun Ministerioak asteazkenean zioenez, EAEko ezkutuko enplegua erkidegoko barne produktu gordinaren %7 da, eta, ondorioz, urtero horrela 4.581 milioi euroko iruzurra egoten da. EAEn ezkutuko enplegua Europako herrialderik garatueneko batez bestekoetan ibiliko balitz, urtero zergetan 816 milioi euro gehiago bilduko lirateke.